Donostiatik Arrasaterako martxa debekatu du Auzitegi Nazionalak

Uribetxebarria eta gaixo larri dauden beste hamahiru presoak aske uzteko eskatu nahi zuen ibilaldiak

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Uribetxebarria aske uzteko gaur bertan Donostiatik ateratzekoa den martxa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoak berak jakinarazi zuen atzo gauean Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari bidalitako agindua.Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean deitu dute martxa, eta gaur, 11:00etan, abiatzekoa zen. Hamalau pertsona ezagunek egin zuten martxarako deia, tartean Txaro Arteagak, Joan Mari Irigoienek, Inaxio Kortabarriak, Martxelo Otamendik, Andoni Egañak eta Ramon Labaienek. Atzo, luzatu egin zen deialdiarekin bat egiten dutenen zerrenda. Haien artean daude Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Aritz Lasa pilotaria, Castillo Suarez idazlea, Galder Perez aktorea, Iratxe Ibarra bertsolaria, Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea, Paco Letamendia parlamentari ohi eta irakaslea eta Rafa Rueda musikaria.

Lau egun eta lau etapatan egingo behar duten erietxetik Arrasaterainoko bidea. Gaur Zarautzeraino joatekoak ziiren, bihar Debaraino, ostiralean Soraluzera, eta larunbatean Soraluzetik Arrasatera. Ibilbide horrekin, Uribetxebarriak egin beharreko bidea irudikatu nahi dute antolatzaileek; alegia, erietxetik etxerakoa.

Bestalde, Donostiako Ospitalearen aurrean etengabea da elkartasun urdina. Josu Uribetxebarria eta gaixo larri dauden gainerako hamahiru presoak aske uzteko eskatzeko, gose greban jarraitzen dute 31 lagunek, eta etengabea da elkarretaratze iraunkorrari batzera doan jendearen joan-etorria. Atzo, Ahotsak mugimenduko kideen babesa ere izan zuten. Legea betetzeko besterik ez dutela eskatzen nabarmendu zuten, eta Uribetxebarria libre uztea galdegin.

Aralarreko Rebeka Ubera, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduren bozeramaile Idoia Ormazabal, EBko Kontxi Bilbao eta Nekane Alzelai bildu ziren, besteak beste. Prentsaurrekoa eman zuten erietxearen aurrean, eta Ana Perez EILAS sindikatuko kideak nabarmendu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak erakutsi behar duela legea ez dela mendekurako. Uribetxebarriarekin egiten ari direna giza eskubideen urraketa nabarmena dela ere azaldu zuen, eta legea eskubide horiek babesteko erabili behar dela. Arrasateko presoarekin egiten ari direna «mendekua, zigorra eta injustizia» dela argudiatu dute.

Giza eskubideak guztiaren gainetik defendatu behar direla azpimarratu dute Ahotsek-eko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.