Donostiatik Miarritzera itsas korridore ekologiko bat sortzea proposatu dute

35 kilometroko eta 27.000 hektareako babesgunebat eratzeko eskatu dute biologoen elkargoak eta Oceanak

inaki petxarroman
Donostia
2010eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Miarritze eta Donostia artean itsas korridore ekologiko bat sortzea proposatu dute Oceanak eta EAEko Biologoen Elkargo Ofizialak. 35 kilometroko itsasertza hartuko luke babesguneak, eta 27.300 hektarea inguru.

Ricardo Aguilar Oceanako Europako ikerketa zuzendariak eta Jon Ander Etxebarria biologoen elkargoko dekanoak aurkeztu zuten proposamena, atzo, Donostiako Aquariumean.

Babesgunea osatuko balitz, Europa osoko «itsas korridore ekologikorik garrantzitsuenetako bat» sortuko litzatekeela uste dute sustatzaileek, aberastasun handiko gunea baita. Inguru horretan 1.000 espezie inguru bizi dira, eta haietako 50 inguru babestuak dira. Bidenabar, 113 habitat ere antzeman dituzte. Haietako dozena bat inguru nazioarte mailako interesekoak dira. Besteak beste, 1.000 urte baino gehiago dituzten koralak eta beste inon aurkitzen ez diren bestelako habitat batzuk aurki daitezke Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean, adibidez, ar poliketoen uharriak.

Legea ez da betetzen

Oceanak uste du Espainiako eta EAEko agintariak ez direla Europako direktiba betetzen ari. Izan ere, itsasaldeko babesgune gehiago sortu beharko lituzketela ohartarazi du. Horren haritik, Lapurdiko egoera hobea dela adierazi zuen Aguilarrek. Izan ere, Frantziako Gobernuak dagoeneko proposatu baitu kostaldeko gune batzuk babesteko. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ez dute horrelakorik egin. Ez dituzte babestekoak zehaztu, ez habitatak ez espezieak: uharriak, itsas azpiko leizeak, izurdeak edota itsas lanproiak...

Horren haritik, Ulia eta Jaizkibelgo itsasaldea babesteak berebiziko garrantzia lukeela adierazi zuen Etxebarriak, egun dagoen hutsunea konponduko lukeelako. Horrek, gainera, korridore ekologikoaren balioa «hirukoiztuko» lukeela nabarmendu zuen. Horregatik, Oceanak eta Biologoen Elkargoak Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote proposamena, eta Eusko Legebiltzarrera ere emango dute, han eztabaida dezaten.

Biologoek eta Oceanak jakinarazi dute ikerketa lan «zorrotza» egin dutela, babesteko eskatu duten itsasaldea ondo ezagutzeko. Esaterako, 2009. urtearen hondarrean, Oceanak Kantauri ertz osoan egindako azterketaren emaitzak argitaratu zituen, eta zein gune proposatu zuen Natura 2000 sarean sartzeko. Miarritze eta Donostia arteko itsas korridorea ez ezik, euskal kostaldeko beste gune batzuk ere aipatu zituen Oceanak azterketan: Ogoñoko itsasmuturretik Izaroko uhartera arteko kostaldea eta Getariakoarratoia, adibidez.

Lehen txosten hori Eusko Legebiltzarrean aztertzekoak dira laster.



Ricardo Aguilar.Oceanako Europako ikerketa zuzendaria

«Kostaren %1 bakarrik dago babestua, eta legeak %10 babesteko eskatzen du»

I. P. Donostia

Legeak dioena betetzen hasteko eskatu du Oceanako ikerlari Ricardo Aguilarrek: itsas babesguneen sarea handitzeko. Bide horretan doa egin duten proposamena.

Proposamen hori zenbait erakundetara eramango duzue, ezta?

Bai. Honako hau Kantauri osorako egin dugun beste proposamen zabalago baten barruko atal bat da. Eta hori Espainiako Ingurumen Ministeriora eta Eusko Jaurlaritzara igorri dugu. Gaur aurkeztu dugun hau askoz ere ñabardura handiagoarekin egina dago. Eta, orain, lurraldearen gaineko eskuduntza duten administrazio guztiekin beste bilera erronda bat egitea eskatuko dugu.

Zer ezaugarri ditu euskal kostaldeko zati horrek. Zergatik du horrenbeste garrantzia?

Hamaika babesgune daude Donostia eta Miarritze arteko zatian. Bakoitzaren kudeaketa ezberdina da, eta proposamen honekin nahi duguna da kudeaketa modu horiek bateratzea, eraginkorrago jokatzeko. Izan ere, Ulia-Jaizkibelen eten egiten da iparralderago dagoen nolabaiteko babesa. Baina hemen dauden espezieek ez dakite burokraziaz eta muga administratiboez. Orain Sokoa parean den espezie bat Jaizkibel ondoan egongo da denbora gutxira. Beraz, berdin kudeatu behar da. Batez ere Europan lehentasunezko babesa eskatzen duten espezieak.

Balio ekologiko handiko kostaldea da hori. Arriskuan ere badago, ordea.

Jakina. Guk 113 habitat aurkitu ditugu inguru honetan. Batzuk babestuak dira nazioarteko itunetan, besteak oso hauskorrak dira -mila urte baino gehiago dituzten koralak, adibidez- eta leku gehienetan galdu dira. Horregatik, beharrezkoa da korridore biologiko bateratua sortzea, eragina eduki dezaketen jarduerei hobeto aurre egitearren: kutsadura -ibai oso kutsatuak daude hemen-, azpiegiturak daude, eta berriak egiteko proposamenak... Eta, gainera, klima aldaketaren ondorioz, espezie exotiko ugari ugaldu dira. Horrek guztiak kudeaketa bat behar du, eta gaur egun ez dauden babes sistemak.

Babesaren aldetik, bereziki Gipuzkoan dago hutsunea?

Bai. Europako Batasunean babes gutxien duen kostaldeetako bat da Kantauri itsasertza. Euskadin bi gune babestu txiki baino ez daude, eta Europako eta nazioarteko legediak eskatzen du itsasaldean babesguneen sare handi bat sortzeko. Oraingoz kostaldearen %1 bakarrik dago babestuta, eta gutxienez %10 behar luke. Oso atzeratuta gaude.

Zer iritzi duzue Pasaiako kanpoko portuari buruz?

Nahi genuke proiektu serio bati buruzko balorazioa egin. Orain arte ez da horrelakorik egon, ordea. Uste dut ingurumen eraginari buruzko azterketa eskatzen duela halako makroproiektu batek. Eta, kontuan hartuta oso balio ekologiko handiko gunea dela, oso litekeena da azterketaren emaitza negatiboa izatea, alegia, portuaren proiektua bertan behera utzi behar izatea. Guk eskatzen duguna da legeak dioena betetzea, eta legeak dio itsas babesguneak sortu behar direla. Ondoren, gune horietan zer jarduera egin daitezkeen aztertuko genuke. Baina eragin handia duten halako azpiegiturak ez dira gomendagarrienak gune hauetan, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.