Gizartea

Droneen erabilera mugatzeko araudia onartu du Espainiak

Besteak beste, obren azterketetan, kirol ekitaldien grabaketetan, biosferaren ikerketetan, itsasontzien bilaketa lanetan, suteen bilakaera jarraitzen eta pertsonen salbamenduan erabili ahalko dira piloturik gabeko hegazkinak. Formazioa jasotzea, nahitaezkoa.

Izatez helburu militarretarako sortu bazituzten ere, produktuen banaketarako ere erabiltzen dituzte enpresa batzuek. OLIVER BERG, EFE
Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 4a
11:14
Entzun

Zabaldu eta zabaldu ari dira droneak, mugarik eta etenik gabe hedatzen: mezulari lanetan, kostaldearen zainketan, bideogintzan, obren azterketan edota kirol ekitaldietan ikus daitezke gaur-gaurkoz. Espainiako Gobernuak, baina, tresna horien erabilera mugatzeko araudia onartu du gaur. Ana Pastor Sustapen ministroak eman du erabakiaren berri. Ohar bat plazaratu zuen apirilaren amaieran, gogoraraziz ezin daitezkeela helburu komertzialetarako erabili. Jakinarazi zuen droneen hazkundeari langa jartzeko neurriak hartzen hasia zela, eta araudia onartu bitartean ez zuela inolako baimenik emango droneak profesionalki erabili eta horien truke etekinak lortzeko.

Orain arteko legedi gabeziari aurre egiteko jarri du araudia martxan Madrilek. Droneen erabilera erregulatzeko lehen legea da, "hutsunea" betetzera datorrena. Pastorrek beharrezko jo du esku hartzea, teknologia berri horretara egokitu eta herritarren "segurtasuna" bermatzeko. Droneak erabiltzeko baldintzak eta segurtasun neurriak zehaztu ditu. Gailu bakoitzak bete beharreko ezaugarriak ere arautu ditu PPren gobernuak. Tresna horiek maneiatzeko ezinbestekoa izango da "formazioa" jasotzea. 

Toki edo momentu jakin hauetan erabili ahalko dira droneak: obren azterketetan, kirol ekitaldien filmaketetan, biosferaren ikerketetan, itsasontzien bilaketa lanetan, suteen bilakaera jarraitzen eta pertsonen salbamenduan, besteak beste. Sustapen ministroaren arabera, droneen sektoreari erabilera "praktiko" bat eman nahi izan diote, betiere aireko "segurtasuna" kontuan hartuta.

Urrundik edo automatikoki

Piloturik gabeko hegazkinak dira droneak. Urrundik edo automatikoki kontrola daitezke, GPS bitartez. Era egokian erabili ezean, arriskutsuak izan daitezke. Hiriguneetan eta bereziki jende asko dabilen lekuetan —hondartza, kontzertu edota karriketan— ehun metroren azpitik hegan egitea galarazita dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.