Herenegun iragarri zuen Gipuzkoako Diputazioak DSBE diru sarrerak bermatzeko laguntza kentzeko asmoa duela, etorkinak erakartzen dituela iritzita. Hiru urtean kenduko dituela iragarri zuen Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak.
Erabaki horren kontra, elkarretaratzea egin dute gaur Gipuzkoa Plazan, diputazioaren aurrean.
Neurria berrikusteko txosten tekniko bat taxutu eta ondorioak aztertu ondoren, hartu du erabakia EAJren gobernuak, atzo prentsaurrekoan jakitera eman zutenez, "erakartze efektua" eragozteko.
Bilduren esku zegoen aurreko diputazioak sortu zuen DSBE laguntza, 2012. urtean, Eusko Legebiltzarrak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu ondoren. Lurraldearen arabera ez, laguntzak "era homogeneoan" eman behar direla argudiatu zuen Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak: "Soilik Gipuzkoako diru laguntza bat izanik, lurraldeen arteko oreka apurtzen du, Gipuzkoan migrazio isuri artifiziala eragin du, konpontzen dituenak baino eragozpen gehiago sortu ditu, eta, batez ere, onuradunei ez die batere laguntzen gizarteratzen".