Langileen borroka

Duela 30 urte Poliziak langileen kontra egindako sarraskia gogoan Gasteizen

1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoko elizan batzartuta zeuden bost mila langileetatik bost tiroka hil zituen Espainiako Poliziak; beste ehunka zauritu zituen. Sarraskia handia izan arren, hilketa haiek argitu gabe eta arduradunek zigorrik jaso gabe jarraitzen dute 30 urteren buruan. Hura guztia gogoratzeko, eta "egia ez dela argitu eta justiziarik ez dela egin" salatzeko, hainbat ekitaldi egingo dira egun osoa zehar Gasteizen.

2006ko martxoaren 3a
16:32
Entzun
1976ko otsailean beren eskubideen aldeko borroka luzea eraman zuten aurrera Gasteizko zenbait enpresatako langileek. Martxoaren 3an greba orokorra antolatu zuten sindikatuek, haiei guztiei elkartasuna adierazteko, eta langile guztiek eskubideen aldeko borrokarekin bat egin zezaten.

Poliziaren presentzia handia izan zen goiz-goizetik, baina, hala ere, milaka lagun atera ziren kalera. Besteak beste, bost mila langile inguru Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bildu ziren, batzarra egiteko. Han zirela, Espainiako Polizia ke poteak-etahasi zen eliza barrura botatzen, eta egoera haren larritasunean langileak kanpora ateratzen hasi zirenean tiroka hartu zituzten. Bost langile hil zituzten, eta beste ehunka zauritu. Sarraski handia izan zen.

Hala ere, 30 urte igaro diren arren, hilketa haiek argitu gabe eta errudunek zigorrik jaso gabe jarraitzen dute. Hori guztia gogorarazi eta salatu nahi dute gaur Martxoaren 3ko Bitkimen Elkarteak eta sindikatuak.

Hala, eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egin dute bost biktimen omenezko monolitoan. 19:00etan manifestazioa abiatuko da Zaramaga auzotik elkarteak zein ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deituta. Justizia eta egia izango da protesta ekitaldiaren leloa. Azkenik, 21:30etan Lluis Llach musikari kataluniar ezagunaren kantaldia izango da Buesa-Arena kiroldegian. Llachek langileak hil zituzten egun hartan bertan heriotza horiek salatzeko Campanades a morts kantua egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.