Tortura

Duela sei urte jarritako tortura salaketaren harira deklaratu du Alberto Viedma presoak

Epailea zegokion unean auzitegian ez egoteagatik protesta egin du Iruñeko presoaren abokatuak. Azaldu denean, torturak jaso izana berretsi du Viedmak.

2008ko uztailaren 10a
19:20
Entzun
Alberto Viedma Morillas Iruñeko presoak Almeriako epaitegian (Andaluzia, Espainia) deklaratu du gaur, duela 6 urte jarri zuen tortura salaketaren harira. Duela hilabete batzuk Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babesa eta arrazoia eman ondotik, bere tortura salaketari berriz heldu eta gaur hartu diote deklarazioa.

TAT Torturaren Aurkako Taldeak jakitera eman duenez, hasieran epailea aretoan ez zegoenez, protesta adierazi du Alberto Viedmaren abokatu Aiert Larrartek, eta ondoren deklarazioa egin ahal izan dute epailearen aurrean. Torturak pairatu izana berretsi du.

"TATetik beste behin ere eskatzen dugu ezartzen diren tortura salaketa guztiak lehenbailehen eta azkartasunez ikertzeko". TATek kasu honen eta gainerako kasu guztien "benetako ikerketa" eskatu du. Eskura dauden froga guztiak erabil ditzaten eskatu du ere, "jakin badakigulako inkomunikazio egoerak, batetik, eta torturatu duten Espainiar Polizia, Ertzaintza edo Guardia Zibilen profesionaltasuna-k, bestetik, oso zaila egiten dutela tortura zantzurik aurkitzea".

Instrukzio epaileek ez badute euren lana "arduraz eta ganoraz" betetzen, inpunitateari ateak parez pare irekitzen dizkiotela eta torturak bizirauteko beharrezkoa duen arnasa hartzen duela ohartarazi du giza eskubideen aldeko taldeak.

Zuzenketa oharra

Bestalde, TATek jakinarazi du atzo bidalitako oharrean okerra zen informazio bat bideratu zuela. Berria.info-n ere oker atera genuen berria. Enekoitz Oiartzabalen tortura salaketaren harira, honek Madrilen deklaratu zuela zabaldu zuen TATek, baina ez zen bera deklaratu zuena, atxilotu zutenean lagun izan zuen ofizioko abokatua baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.