Nuclenor enpresak kudeatzen du Garoñako zentrala, eta enpresan kezkatuta daude gertatzen ari diren matxurekin, Elias Fernandez Komunikazio buruak dioenez. Baina ziurtatu du arriskurik ez dela izan.
Zer garrantzia ematen diezue azken egunetan izan diren arazoei?
Berez ez dute garrantzi handirik. Lehenegoan, ikusi genuen bateria batzuen potentzia legeak eskatutakoa baino txikiagoa zela. Hori jakinarazi zitzaion Kontseiluari, eta hark jakinarazi zien herritarrei. Bigarrengoan, zentrala geratu egin zen. 400.000 volteko sare bat argindar barik uzteko proba batzuk egiten ari ginela, Red Electrica Españolak proba batzuk egin behar zituelako. Haien gailu batek seinale bat sortu zuen, eta argindar generadorea deskonektatu zuen.
Baina ez da arriskurik izan?
Batere ez. Zentralak 700 egun zeramatzan, ia, geldialdi automatikorik gabe, eta hori denbora asko da. Baina zentrala geratu egin zen, eta sistema guztiek funtzionatzen dutenez, dena behar bezala jarri, eta orain potentziarik gorenean ari gara lanean berriro.
Hainbat gertakari izan dira Kataluniako zentral nuklearretan ere, eta nolabaiteko alarma sortu da gizartean. Ba al da motiborik?
Kointzidentziak dira gertakari hauek. Egia da gertatu behar ez diren hainbat gauza gertatu dela. Baina nuklearren munduan, edozerk alarma pizten du, besteak beste, hedabideek horretarako lana hartzen duzuelako. Baina ezin da alarma pizten ibili egia ez diren albisteekin. Izan liteke energia nuklearra gustuko ez duen jendea, baina Espainiako zentral nuklearrek oso funtzionamendu ona dute, munduko onentsuenetakoa. Zerbait gertatzen bada, eta ondorioa bada ez duela arriskurik, analisia ezin da horren ezkorra izan. Galdera da: ez dugu nahi energia nuklearrik, beraz, zein da alternatiba? Bestela, gauza asko hasi behar dugu alde batera uzten.
Kezkarik al duzue egoerarekin?
Jakina, bereziki negozio honetan ari garenok kezkatzen gara, badakigulako horrelakoak edozein zentrali gerta dakizkiokeela. Garoñak kudeaketarik onentsuenetakoa du, baina bihar beste arazo bat izan dezakegu.
CSNk bilerara deitu du aste honetarako. Zer mezu eramango duzue?
Entzun eta azalpenak emango ditugu. CSNk ondo egiten du neurriak hartzen, eta guretzat hori ona da.
Horrek erakusten du urduri zaudetela sektorean?
Ez, kezkatuta gaude gertatzen ari diren gauzekin, baina urduri ez. Sektoreak badaki instalazio konplexuak dituela. Gertaera hauek ikatzezko edo gasezko zentral batean gerta daitezke, eta ez da ezer gertatzen. Kontua da nuklear batean gertatzen bada kalapita handia sortzen dela, eta istripurik izan ez bada ere, istripu deitzen diotela hedabideek. Alarmismoa bada nuklearrak garelako, baina horrekin bizi behar dugu.
Gertaera hauek kolokan jar dezakete Garoñako zentralaren jarduera luzatzeko Gobernuak eman behar dizuen baimena?
Ez luke eragin behar. Zentrala geratu zen herenegun, baina atzo bikain ari zen lanean. Guk luzatzeko baimena eskatu dugu, eta erakutsi dugu zentralak segurtasun neurri guztiak betetzen dituela. Ezin dira gauzak nahastu. Garoña asko aldatu da sortu zenetik, eta gaur egun duela urte batzuk baino askoz ere ziurragoa da.
«Duela urte batzuk baino askoz ere ziurragoa da Garoña»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu