Abenduaren 15ean hasi zen Egunkaria auziaren epaiketa. Azkenean ez dira saio asko izan, guztira sei, baina denborak luze jo du, ia bi hilabete. Hona hemen epaiketaren laburpen bat, protagonisten arabera begiratuta. Kontraste baten bidez azal daiteke laburpenaren sintesia: epaiketan talka egin dute auzipetuen duintasunak eta akusazioaren gezurrak. Lehen saiotik azkeneraino. Ageri-agerian.
Ez da harritzekoa defentsaren abokatuek gertatutakoaz gogoeta eskatzea. Bai Justizia sistemaren ereduaz bai tortura kasuekin gertatutakoaz. «Duintasun hutsagatik eta egiarekiko begiruneagatik», Jose Maria Elosua abokatuaren hitzetan.
1. Auzipetuak, duin
Epaiketako benetako protagonistak izan dira bost auzipetuak. Hasieran hitza hartu zutenetik azkeneko hitzeraino. Urduri iritsi ziren, hasierako deklarazioaren beldur. Jokoan dutenaren beldur. Bazekiten atxiloaldiko oroitzapenak berpiztea ez zela samurra izango. Hala gertatu zen, defentsako abokatuek egindako galdeketan puntu horretara iristean trabatu ziren, hunkitu ziren, ahotsa urratu zitzaien, ura edan eta arnasa hartu behar izan zuten. Horrez gain, deklarazioan zer esango ote zuten kezkatuta zeuden, baina azkenean gustura gelditu ziren. Beren buruaren defentsa duintasunez eta koherentziaz egin izanaren sentipena nagusitu zitzaien. Korapilo hori askatuta, lasaiago gelditu ziren. Hortik aurrera, arretaz jarraitu dute epaiketa osoa, baita guardia zibilen perituek beren kontrako tesiak aurrez aurre errepikatu dituztenean ere. Edo guardia zibilen ahotan «tratu normal eta egokia» jaso zutela entzun dutenean.
Halaber, epaiketaren anekdota bilduman jasoko den zertzeladetako bat AVTko abokatuaren amaren heriotzari lotutakoa izan zen. Urtarrilaren 25eko saioaren etenaldian, telefono dei baten bidez jaso zuen Antonio Parrero AVTko abokatuak bere amaren heriotzaren berri. Bost auzipetuak izan ziren lehenetarikoak doluminak ematen. AVTko abokatua epaigelara itzuli zenean, ondorioak azaltzeko saioan, ez zen haiekiko tratuan hain hotz eta urrun agertu, zigor eskaerak berretsi bazituen ere.
Auzipetuek arretaz jarraitu zituzten bi akusazioen hitzaldiak. Tarteka oharrak hartzen aritu ziren kaier txiki batzuetan. Azken hitza prestatzeko oharrak ziren. Dena den, azken mezuak ez zuen zerikusi handirik izan akusazioen diskurtsoarekin. Gehienbat, euskararen eta euskal kulturaren garapenaren alde egindako lana aldarrikatzeko izan zen.
2. Defentsaabokatuak, argi
Akusatuen abokatuek lan handia eta zeregin garrantzitsua izan dute epaiketa osoan. Auzipetuen galdeketak ongi prestatuak eraman zituzten, akusazioen funtsik eza agerian uzteko, baita auzipetu bakoitzaren nortasuna erakusteko ere. Zehaztasuna eta sinesgarritasuna zainduz.
Akusazioek eskatutako lekuko eta perituei galdeketa egitean ere fin aritu ziren. Guardia zibilen txostenen balio periziala indargabetzeko galdeketa zuhurra egin zion Iñigo Iruin abokatuak haietako bati, eta agerian utzi txostena ikerketaren instruktore moduan (hau da, peritu izateko behar den inpartzialtasun eta distantziarik gabe) sinatzen zuela. Atsedenaldietako batean, pasabideetako solasaldi horietako batean, epaimahaiko buruak berak aitortu du defentsa abokatuen maila ona izan dela.
Hala ere, lapsus bat edo beste ere izan dute defentsa abokatuek. Datak nahastu dituzte pare bat aldiz. Horietako batean, Elosua abokatuak urteekin izandako nahaste-borrastearekin Xabier Oleaga defenditua ere endredatu zuen. Iñaki Pelaez abokatuak ondorioen irakurketan onartu zuen lekuko-peritu bati egindako galdeketan irrist egin zuela, eta horretaz epaimahaiko buruak berak ohartarazi ziola. Dena den, anekdota bitxiena, Felix Cañada abokatuaren burutazioa izan zen, Torrealdairen agendako testu zati bati buruz itzulpen periziala eskatu zuenean. Idazkariak agenda erakutsi zion zatia zehatz zezan. Errotuladore markadore bat hartu eta... «azpimarratu ahal dut?», galdetu zuen. «Letratu jauna, mesedez, kargu froga bat da!», erantzun zion Gomez Bermudez epaimahaiburuak, frogak ezin direla manipulatu gogoraraziz.
3. Akusazioen letratuak
Akusazioen bi abokatuen artean, Dignidad y Justiciaren elkartekoena izan da aktiboena; adibidez, galdeketa luzeagoak egin dituena. Baita epaimahaiburuaren ohar gehien jaso duena, hau da, «hori lekuz kanpo» esaldia gehien entzun duena. Bi abokatu horien helduleku bakarra Guardia Zibilaren txostenak izan dira, eta horiekiko menpekotasuna agerian utzi zuten ondorioen azalpenean. Txosten horien interpretazioak laburtzera mugatu baitziren, salbuespenak salbuespen, epaiketan azaldutako gauzak kontuan hartu gabe.
4. Fiskalaren diskrezioa
Miguel Angel Carballo fiskala bertan zegoela ahaztu zitzaion bati baino gehiagori. Epaimahaiburuari berari behin baino gehiagotan txanda ematea ahaztu zitzaion. Fiskala oso bigarren planoan izan da epaiketan. Auzipetuei ez zien galderarik egin, ezta lekukoei ere. Perituen galdeketan agertu zen, labur eta zehatz, baina zorrotz ere bai. Baina ondorioen txostena egiteko orduan lehen planora jauzi egin zuen. Landuta aurkeztu zuen, epaiketan jasotako adibide ugariz osatuta, eta suhartasunez defendatu zuen auzia behin betiko ixteko eskaera.
5. Epaimahaiburua, nabarmen
Javier Gomez Bermudezek nortasun handiz gidatu du epaiketa osoa. Auzia ongi aztertua eraman duelako irudia eman du. Hainbat aldiz errieta egin die abokatuei aurretik argitutako puntuei buruz berriz galdetzeagatik. Auzipetuetako bat botila ura ireki ezinean zebilela ohartu eta nola egin behar zuen azaltzera iritsi zen. Ordurako iristen zen beti, eta, gainera, «puntualtasun britainiarra» izateaz harro agertu zen, beste mahaikideen berandutzea agerian uzteko arazorik gabe. Oharrak bi modutara hartzen zituen, batzuetan hiru luma dotorez, gehienetan netbook moduko ordenagailu batean. Auzitegi Nazionaleko ohituratik urrun agertu da epaiketan auziari buruzko bisitak onartu dituenean. Urtarrilaren 26an, Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren ordezkaritza bat errezibitu zuen, eta otsailaren 1ean, bost minutuz, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaritza bat. Batzarkideak lekuko babestuen lekuan eseri zituen epaiketa jarraitzeko.
6. Guardia zibilak,nagusia eta guzti
Akusazioen oinarri ziren neurrian, Guardia Zibilaren txostenen egileei ez zaie protagonismoa falta izanepaiketan. Hitza hartu duten bakoitzean, lekuko gisa zein peritu gisa, akusazioei heltzen saiatu dira, nola edo hala. Defentsa abokatuek egindako galdeketan, puntu batean frogarik edo baieztapenik ez zutela onartu beharrean zeudenean, ia beti saiatzen ziren zerbait gehitzen argudioen ahulezia estaltzeko asmoz. Paperak eskutan deklaratu zuten une oro, baina galdetutakoa paperetan aurkitzen ez zutenean, behin baino gehiago erantzunik gabe gelditu ziren, zalantzakor, oroitu ezinik. Peritu gisa deklaratzeko unea -urtarrilaren 27ko arratsaldeko saioa- serio hartu zuten. Goizean gela batean bildurik egon ziren peritu gisa deklaratu behar zuten guardia zibil guztiak. Baina ez bakarrik. Haiekin Guardia Zibileko goi kargu bat izan zen, eta arratsaldeko saioa hasi aurretik ere bai.
7. Babesa
Dudarik gabe, epaiketako beste protagonista nagusietako bat publikoa izan da. Auzipetuei babesa eman dien jendea. Horien artean, lehen-lehenik auzipetuen senide eta hurbilekoak. Saio guztietan izan dira, auzipetuen atzean. Haien ondoan egon dira hotelean eta Madrilerainoko joan-etorri luzeetan. Horrez gain, babes handia izan dute auzipetuek epaiketa osoan. Epaigelan bertaraino joandako ordezkaritza sozial, sindikal eta politikoen bidez, baita kalean ere, Bilboko manifestazio jendetsuaren eta bestelako ekitaldien bidez. Lau bidaia egin behar izan diztuzte Madrilera, eta lauretan, gehiago edo gutxiago, elurra eta hotza egin du. Hala ere, senide, lagun, lankide eta euskal gizartearen beroa ez zaie falta izan bi hilabete hauetan.
Duintasuna eta gezurra aurrez aurre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu