Kulturaren sinonimo da egunotan Durango. Baina ez soilik kulturarena, ezta kultura hutsarena ere. Mugimendua ere esan nahi du Durangok egunotan; mugitzen den herriaren topagune bihurtzen da kasik ohartu gabe, modu saihestezinean ia. Aldarririk gabeko egunik ere ez da Durangon. Hori guztia uztartu, eta berde bihurtu zen atzo Landako gunearen kanpoaldea. Berdea, kulturaz bustia eta aktiboa. Hori guzti hori independentzia, egunak eskatzen zuen moduan, aldarrikatzeko.
Espainiako Konstituzioaren Eguna zen atzokoa. «Espainiako jai inposatua», Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko kidearen hitzetan. «Espainiako Konstituzioa ospatzera behartzen gaituzte, Konstituzio horrek ukatu egiten duenean gure herria, gure naziotasuna». Horri «aurre» egiteko, «erantzuteko», independentziaren aldeko egun berdea antolatu zuen Independentistak Sareak Durangon. Jai giroan, euskal kulturari tarte handia emanda eta berdez jantzita egin zuten aldarria.
Iaz independentziaren aldeko lipdub-a grabatzeko milaka herritar bildu ziren Landako gunearen inguruetan, sarearen deialdi arrakastatsuari erantzunez. Atzo, plaza bete jende bildu zen, kultur sortzaileen ekarpenez gozatzearekin batera, iazko aldarri bera egiteko.
Ekitaldiko aurkezpen lanetan aritu zen Itziar Ituño aktoreak sarrera egin, eta Unai Iturriaga eta Eneko Abasolo bertsolariek eman zioten hasiera, 12:30 pasatxo zirenean, orduberdeari; independentziaren aldeko aldarria eta kultura uztartu zituen ordubeteko ekitaldiari. «Konstituziorik gabeko» ordu berdea «urte osora» luzatzeko deia egin zuen Iturriagak bertsotan, «gero berde bat eraikitzeko herri gorri batentzako».
Historia eta literaturara egin zuen salto ekitaldiak ondoren. Independentistak Sareko kide den Ituño aktorearen hitzetan, «gure memoria lurperatu nahi dutenei gure benetako historia erakusteko». Iñaki Egaña historialariaren txanda zen. Lehen txanda, ondoren etorriko ziren musikari eta dantzarien artean historia irakaspenak tartekatu baitzituen, literatura erabilita. 1643. urtera egin zuen jauzi historialariak, Axularren testuei heltzeko. Bernard Goienetxek, Manuel Larramendik eta Dominique Garatek ere, Euskal Herriari eta orduko egoerari buruz idatzitako hitz eta bertsoak ekarri zituen gogora. Ordurako, Euskal Herria herri zela eta hala izan nahi zuela jasota utzi duten berbak.
Esne Beltzak taldeko Xabi Solanok eta DZ DJak mugimendua eragin zuten jarraian; mugimendu neurtua halere, euskaldun eran; oinekin erritmoa jarraituz mugitu ziren entzuleak, ageriko dantzetan erori gabe. Solanok, berak egin bezala, gainontzekoek ere Independentistak Sarean izen emateko deia egin zuen.
Egaña historialariak, gerora frankistek fusilatuko zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta-k duela 75 urte idatzitako poesia errezitatu zuen; egun ere kantatzen den «dana emon behar jako maite dan askatasunari».
Sarean biltzeko deia
Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze Lain musika taldeko abeslariek haien doinu leunekin bertakoak goxatu, eta beste musikariek egindako dei bera egin zuten: «Guztiek ekarpena egin», eta Independentistak Sarean izen ematekoa.
Francois-Marie Arouet, Voltaire gisa ezagutzen den idazle frantziar ospetsuaren hitzak ekarri zituen ondoren gogora Ituñok; Voltairek 1756. urtean esan bezala, Pirinioaren bi aldeetan dantzatueta kantatzen duen herria badela erakusteko, Tolosaldeko dantzariek emanaldia egin zuten euskal dantza tradizionalei ukitu modernoak emanda. Zinta berdeekin osatutako zortzi puntako izar berdearen inguruan arin-arin dantzatu zuten, airearekin jolasean ari balira bezala.
1967. urtean hil zuten Eustakio Mendizabal Txikia-k gazteriari idatzitako poesia Egañak irakurri, eta Hesian taldeko Fran eta Zuriñek, musika taldeak iaz Independentistak Sareari egindako kanta abestu zuten, «independentzia lortzeko» sareari atxikimendua emateko eskatuta. Mikel Laboaren Izarren hautsa kantatu zuten ondoren.
Telesforo Monzonek egina den eta oraindik sarri abesten den kantaren hitzak irakurri zituen azkenik Egañak, ondoren, abestia guztien artean kantatuta ekitaldiari amaiera emateko: «Altza begiak zapaldu orok / deiadarra lagunari / berriro izango gaituk kide / indar emanaz iraultzari. / Kalera, kalera, borrokalari kalera...». Azken hitzak, berriz, Txomin Iturberi eman zizkion historialariak: «Gora gu ta gutarrak!».
Ekitaldia txalo artean amaitu, eta Puchero Cocinero sukaldariak ordu berderako espresuki asmatutako pintxo berdea dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Iluntzean, berriz, kalejira berde alaia egin zuten beste ehunka lagunek herrian zehar.
Espainiako Konstituzioaren Eguna
Durangoko plaza berdea
Independentistak Sareak deituta, berdez jantzita eta kulturaz bustita aldarrikatu dute independentzia Landako aurreko plazanKonstituzioaren Egunean egin dute ekitaldia, «inposatutako egunari aurre egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu