Lau talde ziren aurtengo sanferminei hasiera emango dien txapligua botatzeko hautagaiak: Andrea-Astelehen Lilak, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Herria. Joseba Asiron DYAko bi ordezkarirekin izan da gaur, iragarpena egiteko ekitaldian, eta esan du suziria botatzea zinez merezi duela DYAk: "Alde batetik, 40 urte bete dituelako, eta 10.000 boluntarioren baino gehiagoren lanaren aitortza da".
Alkateak azaldu du DYAk lan egiten duela sanferminetan eta modu honetan hiriak lan hori eskertu nahi izan diola. DYAko bi ordezkariek ere esker ona adierazi dute, eta festa utzita sanferminetan besteentzat lan egiten aritzen direnentzat txupinazoa botatzea "saririk onena" dela gaineratu dute. DYAk sanferminetako babes zibileko planean parte hartzen du, eta, besteak beste, hirian dauden artatze guneetan egoteaz gain, entzierroko larrialdietako zerbitzuan parte hartzen du.
Asironek hautagai guztiak izan ditu gogoan. Txapligua botatzeko hautagai "bikainak" direla adierazi du. Bozketa joan den astelehenean hasi zuten. Iruñeko udalaren webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edota Civivox batera joanda egon da botoa emateko aukera. Irabazlearen izena gaur jakinarazi dute. Guztira, 9.053 boto eman dira, eta hiru laurden jaso ditu DYAk, %74,2 (6.621 boto).
Aurten bigarren aldia da bozketa bidez aukeratzen dutena nork jaurtiko duen etxafuegoa. Iaz, sei izen jarri zituen mahai gainean festa batzordeak: Peñen Federazioa, Hipotekak Kalte Egindakoen Plataforma, Oberenako dantzariak, Sanferminak Berdintasunean, Jesus Ilundain Zaragueta El Tuli eta Paris 365. 9.800 herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte bozketan, eta Ilundain atera zen garaile, botoen %40 eskuratuta.
Bi aste baino gutxiago
Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Iruñean sanferminak hasteko, eta hirian jada nabari da giroa. Aurten ere udalak indarkeria matxistaren aurkako kanpaina bat egin du. Kartela aurkeztu zuten, eta arotzek ere prest dute entzierroaren ibilbidea bi aste barru itxitura osatu eta zezenak kalera atera daitezen.
[YouTube]https://youtu.be/VA1HWw2S0bc[/YouTube]