politika

EA, EAJ eta Batzarrek Aralarri ohartarazi diote Nafarroa Baik ez lukeela hautsi behar

Aralarren asteburuko kongresuko txostenak hiru aukera ikusten ditu: koalizioa sendotu, bakarka aurkeztu edo beste aliantza batzuk lortu. Larunbatean bozkatuko dute. Maiorga Ramirez herrialdeko EAko buruak dio Nafarroan "aldaketa politikoa" lortzeko koalizioa "ezinbestekoa" dela, "eta pentsaezina da tresna hori arriskuan jartzea".

2009ko irailaren 23a
20:42
Entzun
Aralarren IV. Biltzarreko txosten politikoaren proposamenak ez du baztertzen alderdiak Nafarroa Bai koalizioa uztea, baina Nafarroako haren bazkide EAk, EAk eta Batzarrek ez dute uste hausturarik gertatuko denik. Dena den, aitortu dute hedabideen bitartez izan dutela Aralarren txostenaren berri eta, beraz, "zuhurtzia handiz" hitz egin behar dela.

Aralarrek iritzi dio une honetan porrot egin dezakeela NaBaik, barne funtzionamenduaz desadostasunak daudela medio -gaur Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak adierazi du "egoera kritikoa" dela alde horretatik-. Hala, "norekin eta zertarako" izan behar duen gogoeta egitea beharrezko deritzo. Aukera bat baino gehiago ikusten ditu Aralarrek, txostenean dioenez: NaBai sendotu, bakarka aurkeztu edo beste aliantza batzuk lortu.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lurralde idazkariaren ustez, normala da koalizio barruan eztabaidak egotea, "lau alderdi daudelako, baita independenteen talde plurala ere". Baina Nafarroan "aldaketa politikoa" lortzeko koalizioa "ezinbestekoa" dela uste du Ramirezek, "eta pentsaezina da tresna hori arriskuan jartzea".

"Bere garaian sinatu genuenarekin ados bagaude, NaBaik ez luke hautsi behar", esan du Jose Angel Agirrebengoa Nafarroako EAJko presidenteak.

Ioseba Ezeolaza Batzarreko kideak barne mailako akordioak errespetatzeko eskatu du, "hori baita gakoa 2011ko hauteskundeetara tentsiorik gabe iristeko".

Larunbatean eta igandean egingo du kongresua Aralarrek, Iruñean, eta oro har zazpi erronka nagusi ikusten ditu: maila ideologikoan orain arteko planteamenduetan sakondu beharra, oposizio lana egitea "planteamendu egingarriak eginez eta gobernuak estu hartuz", 2011ko foru eta udal hauteskundeak prestatzea, kanpo harremanak lantzea, kalera ateratzea, alderdia indartzea eta teknologia iraultzaren aurrean kokatzea.

Larunbatean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte txosten politikoa eta estatutu txostena, eta igandean zuzendaritza berria aukeratuko dute. Aralarrek biltzarrera gonbidatu ditu, besteak beste, EA, EAJ eta Batzarre.

2007ko foru hauteskundeetan Nafarroako bigarren indarra izan zen NaBai. Hamabi parlamentario lortu zituen. PSNk ere bai. UPNk, 22. CDNk eta IUk, bina. Espainiako Justiziak bozetarako baliogabetu egin zuen EAE-ANV.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.