EA eta Aralarren erantzuna begi onez hartu du Morenok

Nafarroan indarrak batzeko aukeraz hitz egiten hastea posible dela uste du ezker abertzaleak

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak datorren urteko hauteskundeetan Nafarroan elkarrekin aurkezteko egindako proposamenari Eusko Alkartasunak eta Aralarrek emandako erantzuna begi onez jaso du Txelui Morenok. Bi alderdi horien erantzuna ez dela txarra esan du, proposamenaren inguruan hitz egiteko aukera «zabalik» uzten duelako. «Hitz egiten hastea da garrantzitsuena». Hala esan du ezker abertzaleko kideak, Info7 irratian.

Nafarroan aldaketaren aldeko indar politikoak batzeko «pauso garrantzitsutzat» jo du EAk Nafarroa XXI, alternatiba garaia izeneko proposamena. Aralarrek, berriz, esan du bertan tokia dutela Nafarroa Bairen oinarriekin bat egiten duten indar guztiek. Bi alderdion erantzunak ikusita, ezker abertzaleko ordezkariak uste du EA «eztabaidatzeko eta zubiak eraikitzeko» prest dagoela eta Aralarrek ez duela inolako aterik ixten.

Morenok azpimarratu du ezker abertzalearen lehentasuna proposamenaren edukiaz hitz egitea dela eta eztabaida horren ondoren etorriko dela subjektua definitzeko tenorea. Ezker abertzalea NaBai koalizioan sartzeko aukeraz galdetuta, Morenok esan du ezker abertzaleak ez duela «betorik» onartuko. «Guk ez dugu betorik jartzen, beraz, haiek ere ez lukete jarri behar».

«Kutsatutako» zerrendak

Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroaren ustez, 2011ko hauteskundeetan Batasuna Nafarroa Bai koalizioan sartuko balitz, horren zerrendak «kutsatuko» lituzke ziurrenik.«Zerrendetan sartuko balitz, eta Batasuna oraindik legez kanpoko alderdia bada, ziurrenik zerrendak kutsatuko lituzke». Nolanahi ere, Jauregik ez daki Nafarroa Baik ezker abertzalea bere zerrendetan sartzea onartuko duen ala ez, baina sartzen bada, egoera «aztertu» beharko dela esan du.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, «kontuz ibiltzeko» esan dio EAri, ezker abertzalearen «alokairuzko ama» bilakatuz gero, «alien» batez erditu daitekeelako. Basagoitik berretsi du ezin dela ahaztu ezker abertzalea «ETAren zati bat» denik. Azkenaldian «Otegik eta haren aldekoek» esaten dutenari gehiegi begiratzen ari zaiola kritikatu du: «Eta hori ez da bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.