EA NaBain bitartekari lana egiteko prest da, aldaketa lortzeko asmoz

Maiorga Ramirezek malgutasuna eskatu die koalizioko kideei; ziur da Batzarrek «zalantzak argituko» dituela

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunaren Nafarroako idazkari Maiorga Ramirezek argi du Nafarroa Baik duela herrialde horretan aldaketa politikoa gauzatzeko giltza, eta, ondorioz, koalizioko kideei malgutasuna eskatu die 2007ko akordioa berritzeko, eta datozen hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.

EA bitartekari lana egiteko prest dela azpimarratu du Ramirezek, «aldaketa politikoa gauzatzea eta bakea lortzea posible delako, eta hori lortzeko aukera gure esku dagoelako».

EAk bere bitartekaritza eskaini du, bertzeak bertze, Batzarrek dituen «zalantzak» uxatu ahal izateko. Zalantzak dituztenei, hain zuzen, «aldaketa politikoa nahi duen gizartearekin bat egiteko» eskatu die Ramirezek. «Ziur naiz Batzarrek dituen zalantzak bazter utziko dituela, eta aldaketa politikoa lortzeko indarrak batzearen alde eginen duela» zehaztu du EAko arduradunak.

Elkar jotzen duten iritzien eta jarreren artean «zubiak eraikitzeko» prest da EA, Ramirezen hitzetan, eta prozesu guztia amaitzen denean lortuko den koalizioa «sendoagoa eta helduagoa» izanen dela ziur dela gaineratu du Eusko Alkartasuneko kideak.

Azpimarratu du, halaber, bakea lortzeko bidean dela euskal gizartea. «EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioak hasi dira fruituak ematen», erran du Ramirezek, eta erantsi du ETA, halabeharrez, «amaierara eramanen duen bidean sartuta dagoela jada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.