Politika

EA "orain norabide batean" da, 2011ko bozen aurretik abertzaleen arteko "gutxieneko akordioa" lortzeko asmoz

Barne krisiari amaiera eman nahian egin du Kongresua asteburuan. Zuzendaritza aho batez onartu dute, eta %90etik gorako babesa jaso dute estatutuek eta txosten politikoak. Pello Urizar idazkari nagusi berriak "bide zibila, politikoa, demokratikoa eta baketsua" aldarrikatu du.

2009ko ekainaren 22a
18:47
Entzun
Pello Urizar EAko idazkari nagusi berriak adierazi du "alderdi osoa orain norabide berean" doala, eta horrek indarra ematen diola. Azkeneko urteetan izandako barne krisiari bukaera eman nahian egin du EAk Kongresua asteburuan, Gasteizen, eta lortu dutelakoan daude. Zuzendaritza aho batez onartu zuten, eta estatutuak eta txosten politikoa ere onartu zituzten, denak ere %90etik gorako babesarekin.

Euskal Herriaren autodeterminazioa lortzeko, EAk "bide zibila, politikoa, demokratikoa eta baketsua" erabiliko dituela berretsi du gaur Urizarrek, eta dio alderdiak baduela "espazioa". Alderdi abertzaleen arteko lankidetzaren alde azaldu da, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta horien artean 2011ko udal eta foru hauteskundeen aurretik "gutxieneko akordioa" lortu beharra dagoela uste du.

Zuzendaritzan, Rafa Larreina da lehengo taldetik dagoen kide bakarra. Alderdiak ez du orain presidenterik. Exekutiba berriak gaur arratsaldean egingo du lehen bilera.

Zuzendaritza

Idazkari nagusia. Pello Urizar.

Antolakuntza, Finantzak eta Hauteskundeak. Mariano Alava.

Komunikazioa eta Marketinga. Ikerne Badiola.

Instituzioak. Santiago Merino.

Ingurumena. Irantzu Obieta.

Euskara, Kultura, Hezkuntza. Jon Aritz Bengoetxea.

Ekonomia, Fiskalitatea. Rafa Larreina.

Gizarte politika. Eva Aranguren.

Azterketak, Formakuntza, Arlo juridikoa. Pedromari Olaeta.

Nazioartea. Sebastian Colio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.