Politika

EAE-ANVk gizarteari dei egin dio ilegalizazio aukeraren aurrean "harresia altxatzeko"

Bere aurkako "lintxamendu eta jazarpena, onartezina" dela deritzo. Azken egunetako gertaeren ondorioz, gatazka politikoa konpontzeak "eragile guztientzat atzeraezinezko lehentasuna" izan behar duela dio.

2007ko abenduaren 4a
18:56
Entzun
Azken orduetan, batik bat Capbretongo (Frantzia) gertaeraz geroztik -guardia zibil bat hil dute; ustez ETAk-, EAE-ANV legez kanpo uzteko mezuak ugaritu egin dira nabarmen, eta alderdi horrek euskal gizarteari dei egin dio horren aurrean "harresia altxatzeko. Herri honek barrikada bat altxatu behar du eraso guztien aurka".

Haren ustez, "onartezina" da bere aurkako "lintxamendu eta jazarpena", eta "PSOEk Euskal Herriaren eskubideen aurka daraman eraso eta errepresio estrategiaren baitan" kokatu du kanpaina. "Epaitegi eta legedi bereziaz baliaturik, euskal herritarren hitza isilarazi nahi dute. Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko baten alde lanean ari diren alderdi politiko, eragile, komunikabide, instituzio eta antolakundeak desagerrarazi nahi dituzte. Independentziaren aldeko egitasmoak ilegalizatu eta espetxeratu nahi dituzte. Horregatik, ANVren ilegalizazioa herri honen eskubideen aurkako eraso zuzena da, mugimendu independentistaren aurkako eraso zuzena".

EAJ, EA eta Nafarroa Bai kritikatu ditu, "berriz ere Euskal Herriaren ilegalizazioa bilatzen dutenekin lerratu direlako".

Azken egunetako gertaeren ondorioz, gatazka politikoa konpontzeak "eragile guztientzat atzeraezinezko lehentasuna" izan behar duela dio EAE-ANVk. "Berriki izan dugun negoziazio prozesuan aukera paregabea izan da konfrontazio eta indarkeria adierazpen guztia amaitzeko. EAE-ANVk erantzukizunez eta ardura politikoz jokatuko du, eta Euskal Herriaren eta euskal herritar guztien eskubideak errespetatu arte lanean jarraituko dugu. Hori baita gatazkaren sustraietara jotzeko bide bakarra, eta horretan ari gara".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.