Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

EAE osorako zerga sistema bera nahi du Lopezek

Zerga erreforma sakona egin bitartean behin-behineko neurriak berehala hartzeko proposatu du

Patxi Lopez lehendakaria, atzoko hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zerga politikak aldaketa sakona behar duela esan du Patxi Lopez lehendakariak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi jeltzaleak orain arteko jarrera aldatu eta erreforma premiarekin bat egin eta biharamunean. Aurrez ere egina zuen proposamena PSE-EEk, baina, atzo, hauteskundeei begira Forum Europak antolatutako hitzaldia horretarako baliatu zuen lehendakarigaiak, ia osorik: erreforma premia eta ekonomia sustatzeko proposamen zehatzak plazaratzeko. Zerga politikak erreforma sakona behar duela esan zuen. Zerga sistemak, justua izan dadin, «segurtasun juridikoa» behar duela eta, hortaz, ezin dela «urtero aldatzen aritu». «Euskadin, Euskadi osorako izango den itun fiskal bat behar dela uste dut», ondorioztatu zuen. «Ez da zilegi gurea bezain herri txikian erabat desberdinak izango diren hiru zerga sistema izatea, gipuzkoar batek arabar edo bizkaitar batek baino askoz gehiago edo askoz gutxiago ordaintzea». Neurririk hartu ezean desberdintasunak «luze gabe» areagotu daitezkeela ohartarazi, eta hori saihesteko deia egin du.

«Luzerako erreforma adostu behar dugu letra txikia ondo aztertuta, zentzuzko denbora bat barru Euskadin zerga sistema justuagoa izan dezagun», esan du Lopezek. Gaia denen artean landu eta adosteko eskatu du, beraz.

Hiru urterako neurri zehatzak

Erreforma gauzatu artean, ordea, ezin da zain egon, lehendakariaren ustez. Krisiari aurre egiteko neurriak berehala hartu behar direla dio, eta horixe proposatu du: aldi baterako neurri zehatzak ezartzea. Printzipioz, hiru urterako izango direnak.

Gehien dutenengandik diru gehiago jaso nahi duela dio Lopezek. Hartara, 120.000 eurotik gorako soldata dutenen tasa %60ra igotzea proposatu du, eta ondare zerga «ondasun handiko zergarekin» ordezkatzea. Hau da, 1,5 milioi euro baino gehiago duten pertsonei «elkartasunerako» zerga berezi bat ezartzea.

Sozietate zerga ere moldatu nahi du lehendakariak, etorkizunean enpresen etekinen gaineko zerga bihur dadin. «Ez da egia zerga gehiago jarri nahi dizkiegula ezinean dabiltzan enpresei, lanpostuei eusteko izugarrizko ahaleginak egiten ari direnei. Berrikuntzan inbertitu eta lanpostuak sortzen dituztenak ere ez ditugu zigortu nahi. Benetako etekinak dituzten eta inbertitzen ez duten enpresei ezarri nahi diegu zerga», azaldu du dozenaka enpresariren aurrean egindako gosari hitzaldian.

Enpresa txikiei zerga gutxitzea proposatu du: 25 langile baino gutxiagoko enpresen karga %24tik %18ra txikitzea. Bi milioi eurotik gorako etekinak dituzten enpresei, berriz, hiru puntu handitu nahi die zerga, hiru urtez.

Lopezen hitzetan, «urgentziazko» neurri horiekin eskuratuko den dirua enpresei laguntzeko eta lanpostuak sortzeko izango da, oso-osorik. Egoerak hala eskatzen duela argudiatuta, indarrak batu eta elkarlanean aritzeko deia egin du; adostasunak bilatzekoa.

Diada, «politikaren porrota»

Bartzelonan asteartean Kataluniaren independentziaren alde egindako manifestazio erraldoiari buruz ere mintzatu da Lopez. Arrakastaz harrituta agertu da, eta horren arrazoiak bilatzeari ekin dio. Protestaren arrakasta «politikaren porrotaren erakusle» dela esan du; «ziur etorriko ziren arazoak konpontzeko politika eta negoziazioa erabiltzen jakin ez izanaren erakusle».

Manifestazioan parte hartu zuten pertsona asko egoera ekonomikoak bultzatuta joan ziren protestara, Lopezen ustez. Ohartarazi du politikak ez zituela «bidegabekeria ekonomikoak» konpondu; «agintari batzuk arazoak nola pasatzen ziren begira» egon direla, horiek konpontzen saiatu beharrean. Horregatik dio horrenbesteko jendetza bildu izana «politikaren porrotaren erakusle» dela. Hori esan, eta independentzia nahiari buruz aritzea saihestu du lehendakariak. «Bidegabekeria ekonomikoak eragindako egoera arazo politiko bihurtu da orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.