Euskal Autonomia Erkidegoak 1990. urteko datuekin konparatuta, zuzeneko %37 karbono dioxido (CO2) isuri zuen iaz. Hori adierazten da Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, atzo Bilbon, aurkeztu zuen EAEko berotegi efektuko gasen isurketak.1990-2007ko inbentarioa txostenean. Kyotoko Protokoloaren arabera -munduko gobernu ugarik sinatutakoa 1997. urtean-, munduan gas isurketa %5,2 jeitsi behar da 2008-2012. urteetarako. Espainiari %15 gehiago isurtzea baimendu zion, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoakkopuru hori errespetatu beharra du. Eusko Jaurlaritzak Klima Aldaketaren Aurkako Bulegoa sortu zuen orain bi urte, eta jarritako helburuetako bat 2012. urteari begirakoa hau izan zen:1990aren aldean %14 baino gehiago murriztea CO2 isuriak. Oraingoz, atzo emandako datuen arabera, helburu hori ez da bete.
Klima Aldaketaren Aurkako Bulegoaren barruan, EAEko administrazioak hainbat neurri onartu zituen; horien artean, lurzoruaren erabilerarena dago. Neurri horren helburu nagusia lurzoruaren erabileraren kopurua zenbatekoa den erakustea da, eta, aurten, lehen aldiz eman du Eusko Jaurlaritzak datu hori. Egindako inbentarioaren arabera, lurra erabiltzeagatik xurgatutako CO2a 2,91 milioi tona izan ziren iaz: «Kantitate horrek gainditu egin du 2006koa eta 1990ekoa». Izan ere, orain bi urte lurra erabiltzeagatik xurgatutako karbono dioxidoa 2,89 milioi tona izan ziren, eta, 1990. urtean, 2,59 milioi tona.
Garraio sektorea «okerrena»
Sektoreak kontuan hartuta, sektore ekonomikoan aurki daitezke daturik esanguratsuenak. Inbentarioaren arabera, energiaren sektorea CO2 gehien isuri duen sektorea da, guztizkoaren %31, hain justu. Dena den, airera karbono dioxido gehien bota duena energiaren sektorea izanagatik, garraio sektoreak izan du bilakaera «okerrena». Orain bi urteko datuekin konparatuz gero, %7 areagotu ditu emisioak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako inbentarioak adierazi duenez, sektore horretako emisioen ia %95 errepideko garraioari dagokio.
Joera horri buelta emateko Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamenduaren Sailburuak nabarmendu du hainbat udalerri euskaldunek ekintza jakin batzuk hasi dituztela hirian zirkulazioa gutxitzeko, baita garraio publikoa sustatzeko ere. Dena den, egungo garraioa moldaltzeak denbora beharko duela adierazi du.
Industriaren sektoreak emisioak «murrizteko joerari eusten» dio. «Nabarmentzekoa da sektore horrek lortu duela emisioak gehien murriztea Kyotoko Protokoloaren neurketako oinarri urteko (1990) datuekin alderatuta %35 murriztu baititu». Lehenengo sektoreari dagokionez, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektoreak %23 murriztu ditu isuriak eta etxeek eta zerbitzuek %1.
Hortaz, sektore guztiek, garraiokoak izan ezik, isurketak murrizten dituztela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak. Azken horretan gora egiten jarraitzen dutela dio.
Berotegi efektua eta klima aldaketa eragiten duten gasen artean, CO2az gain beste hainbat gas ere badaude, baina karbono dioxidoa da eragin gehien duena. EAEko isurien %89,8 da hain zuzen ere karbono dioxidoak isurtzen duena.
Horretaz gain, pertsonako isurketa kopurua Europako Batasuneko (EB) batez bestekoa baino pixka bat handiagoa dela jasotzen du Jaurlaritzaren txostenak, «industriak gure ekonomian zama handia daukalako».
EAEk 1990ean baino %37 CO2 gehiago isuri zuen iaz
Energia sektoreak isuri du CO2 gehien, guztizkoaren %31; garraio sektoreko emisioek gora egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu