Pozik dago Eusko Jaurlaritza ikastetxeetan biktimen testigantzak jasotzen dituen Adi-adian proiektuaren garapenarekin. Balantze positiboa egiten du ikuspuntu “kuantitatibo zein kualitatiboan", Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren arabera. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera eskaini du prentsaurrekoa Fernandezek, Adi-Adian programaren balorazioa egiteko.
Jakinarazi dutenez, aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikastetxe baino gehiagotan izan dituzte biktimen lekukotzak. Orora, 17 biktimaren testigantzak entzun dira: ETA eta Komando Autonomo Antikapitalista taldeen 11 biktimarenak, GALen lau biktimarenak eta "polizia abusuen" beste birenak. Biktimen testigantzekin 50 saio eskaini dituzte guztira, eta horietatik 47 zuzeneko lekukotzak izan dira. 15-18 urte bitarteko 2.256 ikaslek hartu dute parte egitasmoan.
Jaurlaritzak ez ezik, ikastetxeetako arduradunek, ikasleek eta biktimek ere modu positiboan ikusi dute proiektua martxan jarri izana. Fernandezek azaldu duenez, ikasleek gehien azpimarratu dutena izan da biktimen sufrimendua entzuteak "inpaktua" eragin diela. Biktimak, berriz, "indarberrituta" sentitu direla azaldu du Fernandezek.
Adi-Adian programan parte hartu duten ia ikastetxe guztiek 2015ean esperientzia errepikatzea eskatu dute, eta gainera, beste 12 ikastetxe berri batu dira. Guztira, datozen hilabeteetan 30 ikastetxek baino gehiagok esku hartuko dute egitasmoan.