EAEko administrazioen irudi negatiboa dutenak %8 ugaritu dira 2010etik

Herritarren ustez, osasuna eta hezkuntza bereziki zaindu behar dira, Jaurlaritzaren inkesta baten arabera

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoa zuzeneko eragina izaten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek administrazio publikoekiko duten irudian. 2010eko irailetik gaur egunera arte, %12 murriztu da administrazioen irudi ona duten herritarren kopurua; aitzitik, %8 ugaritu dira irudi ezkorra dutenak, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin berri duen ikerketa baten arabera.

Administrazioek herritarrekin duten harremanari buruzko pertzepzioak ere okerrera egin duela islatzen du ikerketak. Diru publikoaren gastua zertara bideratzen den emandako azalpenei buruzko pertzepzio txarra dutenak %16 ugaritu dira, adibidez. Izapideak ebazteko azkartasunean eta prozedura administratiboen erraztasunean ere pertzepzioa dutenak ere nabarmen handitu dira.

Jaurlaritzak abiarazitako inkesta ongizate estatuari buruzkoa zen, eta herritar gehienek hori babestearen aldeko jarrera agertu dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar biztanletik batek pentsatzen du ongizate estatuko zerbitzuetan egindako murrizketek ez dutela krisitik ateratzeko balioko. Horrez gain, herritarren %81ek «lehentasunezkotzat» jo dute ongizate estatua «defendatzea», inkestako datuen arabera.

Errekurtsoaren alde

Osasun arreta eta hezkuntza dira gehien zaindu beharreko bi arloak, herritarren ustez. Hori nabarmendu dute inkestan. Lautik hiruk ez luke murriztuko osasun arretara zuzendutako dirua, eta hezkuntzari dagokionez gauza bera pentsatzen dute hirutik batek. Bi arlo horiei aitortzen zaien garrantzia Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiei emandako babesean islatzen da. Espainiako Gobernuak hezkuntzan eta osasungintzan agindutako murrizketen aurka helegite bat jartzeko asmoa du Jaurlaritzak, eta horri babesa eman diote ia bost biztanletik lauk.

Bestetik, herritarren ustez, langabetuek, gazteek eta emakumeek babes gehiago izan beharko lukete. Jaurlaritzaren inkestan iritzia eman dutenen erdiek inguruk uste dute gaur egun babes gutxien duten sektoreak direla horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.