Eusko Legebiltzarreko alderdiek urtarrilean aurkeztu zituzten estatutu berri bati buruzko txostenak, eta geroztik euren azalpenak eman dituzte. EAJk azaldu du beste estatus politiko bat behar duela EAEk, nazio izaeran eta erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa, eta horretarako akordioa lortu nahi du Espainiako Estatuarekin. Harekin alde biko harremanaren alde egin du.
Alderdiek ez dute astirik izango legealdi honetan estatutu berri bat egiteko. Berriro bildu daitezen, gutxienez bi taldek akordioren bat lortu beharko dute, gero lantaldean besteekin eztabaida dezaten, Jone Berriozabal (EAJ) batzordeko koordinatzaileak esan duenez. "ez nuke esango azken bilera izan denik hau".
EAJren ustez, "garaia da oinarri berriak finkatzeko, hurrengo legegintzaldian egungo marko juridiko-politikoa aldatzeko. Hori izan da eta izango da gure ahalegina: legealdi hau amaitzea oinarri finkoekin euskal autogobernua gaurkotzeko”, esan du Berriozabalek.
PSE-EE eta PP izan dira bileraren ostean hedabideen aurrera atera diren beste taldeak. Isabel Zelaaren (PSE-EE) arabera, lantaldean ez dago oraindik ere ezer "zehatzik", alderdien artean "desberdintasunak nabariak" baitira. PSE erabakitzeko eskubidearen aurka azaldu da, eta ez du 2004an legebiltzarrak onartutako estatutuaren antzekorik nahi –Espainiako Kongresuak atzera bota zuen 2005ean–. Borja Senperrek (PP) esan du autogobernu lantaldea "hilda" dagoela, "inork ez baitu testu artikulatu bat aurkezteko borondaterik". Senperren iritziz, talde denek uste dute legealdia bukatuta dagoela.
Aurreratzen ez badira, udazkenean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.