EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du Ibarretxeren azken helegitea

Batasuneko kideekin biltzeagatik zabaldutako auziak aurrera jarraitzen du, eta auzitegiak esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Auzitegi Gorena "erabili" egiten duela auzia artxibatu asmoz.

2007ko otsailaren 21a
17:54
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere aurkako auzia artxibatzeko aurkeztutako azkeneko helegitea (auzitegiak abenduaren 28an baztertu egin zuen Ibarretxek bere kontrako auzia artxibatzeko eskaera eta lehendakariak horren kontrako helegitea sartu zuen), eta, beraz, auziak aurrera jarraitzen du. Hain zuzen, Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrena Batasuneko kideekin iazko apirilean bilera egiteagatik dago auzipetuta lehendakaria.

Auzitegi Nagusiak gaur ateratako autoan dio Ibarretxek "era batera erabili" egiten duela Espainiako Auzitegi Gorena, kasua artxibatu nahian. Auzitegi Gorenak otsailaren 2an Espainiako Gobernuko presidentearen eta kide batzuen eta PSOEko kide batzuen kontrako kereila artxibatu egin zuen; Manos Limpias erakundeak aurkeztu zuen kereila, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko buruek ezker abertzaleko kideekin bilera egin ostean. "Auzitegi Gorenaren erabakiagatik gure erabakia aldatu nahi izatea, Auzitegi Gorena erabili nahi izatea da, erabaki baten eta bestearen artean ez dagoelako kontraesanik", esan du gaur EAEko Auzitegi Nagusiak.

Ibarretxek urtarrilaren 31n deklaratu zuen Auzitegi Nagusian. Batasuneko hiru kideak egun bat lehenago izan ziren hantxe auzi beragatik, baina uko egin zioten deklaratzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.