Ekonomia

EAEko Auzitegi Nagusiaren esku utzi du Luxenburgok Araba, Bizkai eta Gipuzkoak autonomia fiskal nahikoa duten erabakitzea

Hiru lurralde horiek arau fiskal propioak izan ditzaten ezinbestekotzat jo du Europako Auzitegiak "autonomia ekonomikoa" izatea; hau da, zerga batzuk arintzeagatik jasotzen ez duten dirua Estatuak ez jartzea. Kupoaren bidez konpentsaziorik gertatzen den aztertzeko zeregina EAEko Auzitegi Nagusiaren esku utzi du.

2008ko irailaren 11
10:59
Entzun
Bestelakorik espero bazen ere, Europako Batasuneko Auzitegiak ez du eman Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arau fiskalen auzia behin betiko itxiko duen epairik. Aitzitik, EAEko Auzitegi Nagusiaren esku utzi du azken erabakia hartzea. Gainera, enkargu zehatza eman dio auzitegi horri: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek Elkarteen Gaineko Zerga murriztuta biltzen ez duten dirua kupoaren bidez konpentsatzen ote den argitzea. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatziko balu kupoak galera hori konpentsatzen duela, lurralde horien arau fiskal propioen kontrakoa izango litzateke epaia; ez dela konpentsatzen erabakiko balu, ordea, aldekoa.

Izan ere, Luxenburgoko epaitegiaren arabera, lurralde batek hiru baldintza bete behar ditu arau fiskal propioak izateko: Estatuaren barruan autonomia fiskala, autonomia legala eta autonomia ekonomikoa izatea. Hirugarren baldintza horri erreparatu dio Luxenburgok, eta azpimarratu du, Estatu baten menpeko lurralde batek bere eremuan zergak murriztea erabakitzeko derrigorrezkoa dela Estatuak ez konpentsatu behar izatea murrizte horrek eragindako galera.

Hau da, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Elkarteen Gaineko Zerga txikitzearen ondorioz jasotzen ez duten diruak ezin duela eragin Espainiako Estatuari ordaintzen dioten kupoaren zenbatekoa finkatzerakoan. Eragiten duen edo ez frogatu beharko du, beraz, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak.

Bere garaian Azoreetako Uharteen inguruan eman zuen epaian oinarritu du oraingoa Europako Batasuneko Auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.