Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko alor sozialeko aretoak ez-konstituzionaltasun helegite bat aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Epaitegiak zalantzan jarri du Espainiako Gobernuak 2014ko aurrekontuetan euskal presoei langabezia saria jasotzeko jarritako baldintzen legezkotasuna.
Luis Mari Azkargorta eta Mikel Zarrabe preso ohiek helegiteak aurkeztu ostean eraman du auzia EAEko auzitegiak Konstituzionalera. Bi preso horiei langabezia saria ukatu zien Eibarko epaitegiak 2014ko uztailean. Iazko martxoan, "damutu, barkamena eskatu edota justiziarekin kolaboratzen" ez duten euskal preso ohiei legez hilero dagokien 426 euroko langabezia saria ezeztatu zien PPren gobernuak.
Diru laguntza hori preso ohi guztiek jasotzen dute, espetxetik irten eta baliabiderik ez duten pertsonak gizarteratzeko neurri gisa. Gehienez, hemezortzi hilabetez jasotzen dute langabezia saria.