Epaitegiak

EAEko fiskal nagusiak sei urteko kartzela zigorra eskatu du Hasier Arraizentzat

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaituko du Arraiz, ETAko kide izatearen akusaziopean.

Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 26a
07:59
Entzun

Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak sei urteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatu du Hasier Arraiz Sortuko presidentearentzat. ETAko kide izatea egozten dio, eta ondoko delitua egitea: Batasuna berriro ere antolatzea. Hain zuzen, arrazoi hori zela-eta atxilotu zuten Arraiz ezker abertzaleko beste 35 kiderekin batera, Segurako polizia operazioan (Gipuzkoa), 2007ko urrian. 

EAEko fiskal nagusiak jaitsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak Sortuko presidentearen kontra eskatutako kartzela zigorra: 04/08 sumarioan auzipetuta dauden beste hainbati bezala hamar urteko kartzela zigorra eskatu baitzuen Arraizen kontra. Kalparsorok sei urtean utzi du eskaera.

Arraiz legebiltzakidea delako epaituko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ondoko epaileek epaituko dute: Juan Luis Ibarra presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Bolado magistratuek. 

Bien bitartean, etenda dago 04/08 sumarioan auzipetuta daudenen kontrako epaiketa. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salaren bigarren atalak onartu egin zuen Asier Imazek, Egoitz Apaolazak, Nuria Alzugaraik, Aitor Aranzabalek, Iñigo Baldak eta Eusebio Lasak euren abokatuari uko egiteko eginiko eskaera. Abokatu berria izendatu bitartean epaiketa bertan behera uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. 

Erreakzioak

Aralarrek gogor salatu du EAEko fiskal nagusiak Hasier Arraizen aurka egin duen eskaera. Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak adierazi duenez, “beste behin motibazio politikoa ikusten da erabaki horren atzean”. Uberaren esanetan, Espainiako estatuko botereak bat hartuta ari dira. “Mendeku politikan oinarritzen dute beren jarduna da. Dena ETA da lelopean, edozein aitzakia hartzen dute, irabazleen eta galtzaileen arteko errelatoa eraikitzeko”.

Gauzak horrela, epaiketa politiko guztiak behin betiko amaitzeko eta jarduera politikoa ez kriminalizatzeko exijitu du Aralarreko idazkari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.