Udalen osaketa

EAEko Fiskaltza Nagusiak Andoaingo inbestidura saioan gertatutakoa ikertuko du

Uste du larunbateko inbestidura saioak alderdien borondatea "desitxuratzen" duela eta, bide batez, boto-emaileena. Hori dela eta, eroskeriarik edo mehatxurik egon den ikertuko du fiskaltzak. Juan Kalparsoro fiskal nagusiaren arabera, gainera, Andoain "ez da edozein herri", uste baitu terrorismoak "aparteko" eragina izan duela bertan. Ana Karrere alkateak salatu du "benetakoa ez den irudi bat" ari direla zabaltzen.

Ana Karrere Andoaingo alkatea (EH Bildu), PSE-EEko Maider Lainez ondoan duela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko ekainaren 15a
07:42
Entzun

Larunbatean Andoaingo (Gipuzkoa) inbestidura saioan gertatutakoa zeresan ematen ari da oraindik. PSE-EEren eta EAJren akordioa tarteko, Maider Lainez sozialista alkate izendatzea espero zen, baina ustekabean lau ordezkari jeltzaileetatik batek diziplina hautsi, eta ez zuen bete hitzartutakoa. Boto zuria sartu zuen hautetsontzian, eta ondorioz, EH Bilduko Ana Karrerek hartu zuen alkate makila beste lau urterako. EAEko Fiskaltza Nagusiaren arabera, "alderdien borondatea "desitxuratu" du gertatutakoak, eta bide batez boto emaileena. Juan Kalparsoro fiskal nagusiak azaldu duenez larunbateko saioko akta ikertuko dute eta idazkariari ere hainbat galdera egingo dizkio. Asteazkenean Bilbon deklaratu beharko du, hain zuzen.

"Hipotesi guztiak zabalik daude" fiskaltzaren arabera. CadenaSer irratiak zabaldu duenez, fiskaltzak idatzian jasotzen du erabaki guztiek arrazoiren bat eta ondorioren bat izaten dutela. Hori horrela, EAJko ordezkari batek "isilean" jokatu zuela-eta, uste du legez kanpoko arrazoiak egon daitezkeela, edo "askatasunik gabe" aritu izan daitekeela. Zentzu horretan, Kalparsorok azaldu du Andoain ez dela "herri bat gehiago":  "Terrorismoak intentsitate handia izan du Andoainen".

Ana Karrere Andoaingo alkatearen esanetan, "lotsagarria" da ikerketa bat abiarazi izana eta salatu du hainbat komunikabide eta alderdi "benetakoa ez den irudi bat" ematen ari direla Andoainen inguruan: "Herrian ez da ikusten saltzen duten krispazio hori". Hori dela-eta, "interes politikoak" alde batera uzteko eskatu du Karrerek. "Andoaindarrak oso nekatuta gaude komunikabideen jo jomugan egoteaz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.