EAEko Garraio Sailaren aurrekontuaren erdia AHT ordaintzeko bideratuko da

Aurrekontuen hazkundean eragin handia du finean Espainiako Gobernuak ordainduko duen partidak

Estitxu Ugarte
2006ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Euskal Y-aren zatiak Garraio eta Herri Lan Sailaren aurrekontuaren erdia baino gehiago eramango du, hain zuzen %51,4. Izan ere, 2007. urtean, 253,2 miloi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak obra egiteko eta beste 28,2 miloi informazio eta komunikazio prozesua sustatzeko, Lurranek bulegoa laguntzeko, eta eraikuntza proiektuak idazteko.

Nolanahi ere, 253,2 milioiko inbertsioa ez da erreala, Espainiako Gobernuarekin sinatutako akordioaren arabera, Kupotik deskontatuko baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoari zenbateko hori eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren kutxara itzuliko da inbertitutako dirutza. Gainera, Euskal Y-aren lanaren inbertsioak eragin nabarmena izan dute Eusko Jaurlaritzaren eta Garraio eta Herri Lan sailaren aurrekontuek 2007. urtean izango duten hazkundean. Alegia, azpiegituraren lanak kontuan hartu gabe aurrekontu orokorraren igoera %11,3koa izango litzateke, eta ez %14koa. Garraio eta Herri Lan sailak, berriz, aurtengo aurrekontuetan baino %18 gehiago izango du 2007rako, neurri handi batean azpiegitura berriaren inbertsioari esker.

TRENBIDEAK ETA METROA. Bestetik, Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk atzo arratsaldean Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, egungo trenbide sarea modernizatzeko inbertsio garrantzitsua egingo dute. Hala, 108,1 milioi gastatuko dituzte Euskal Trenbide Sarea elkarte publikoaren bitartez burdinbide eta instalazioak berritzeko, eta kasu batzuetan trenbidea bikoizteko eta lurperatzeko. Beste erakunde publiko batzuekin tranbiak jartzeko eta trenbide pasaguneak kentzeko hitzarmenak abiatuko dituzte.

Bilboko metroa da aurkeztutako hirugarren partida nagusia. Izan ere, 47,2 miloi gastatzea aurreikusi du Jaurlaritzak metroko Galdakako adarraren proiektua egiteko, Getxon Maidaganen trenbidea lurperatzeko eta Ibarbengoan geltokia eraikitzeko (I.linean), eta Sestao- Kabiezes eta Ariz-Basauri bideguneetan (II. linean).

Bestetik, adierazgarria da Garraio eta Herri Lan Sailak portuak mantentzeko eta horietan inbertsio berriak egiteko zuzendutako zenbatekoa; 35,2 miloi hain zuzen. Mantentze lanaz gainera itsas salbamendurako aurrekontuaren hazkundea azpimarratu zuen Lopez de Gereñuk, batez ere, Gurutze Gorriarekin duten hitzarmenean oinarrituta dago igoera. Bestetik profesionalen prestakuntza garatuko dute Itsas Arduralaritza Eskolaren bidez, eta kirol nabigazioko jarduerak garatuko dituzte.

Datuaz gainera, Lopez de Gereñu sailburuak azpimarratu zuenez, ingurumena eta alde ekonomikoak zein sozialak kontuan izango dituen garraio iraunkorraren ereduari begira egina daude aurrekontuak.

Etxebizitza Saila Etxebizitzan batez bestekoaren azpitik haziko da inbertsioa

e.u.

Gasteiz

Etxebizitza berriak eraikitzeko, lurzorua erosteko eta urbanizatzeko, eta alokairuzko etxebizitzak sustatzeko inbertsioa %4 haziko da hurrengo urtean. Alegia, etxebizitza programa Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorraren igoeraren bataz bestekoaren azpitik dago (%14), eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren beraren aurrekontuen hazkundearen azpitik ere (%5,8).

Gizarte zerbitzuetan zehaztutako hazkundea ere bataz bestekoaren azpitik dago, %5,1 alegia. Immigrazioa eta lankidetza, aldiz, hazkunde nabarmena izango dute 2007. urtean. Haatik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazo pozik agertu zen atzo, baina gainerako instituzioei, foru aldundiei eta udalei hain zuzen, etxebizitzaren arazoaren aurrean ahalegin handiagoak egiteko galdegin zien, «Eusko Jaurlaritza egiten ari den neurrikoa», esan zuen.

Hezkuntza Saila EHU finantzatzeko, iaz baino %14 gehiago zehaztu da

e.u.

Gasteiz

Euskal Herriko Unibertsitatea finantzatzeko aurrekontua %14 haziko da 2007. urtean. Hala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aurkeztu duen aurrekontu orokorarren %13,0 eramango du EHUk. Dena dela, unibertsitatearena baino handiagoak izanen dira gainerako hezkuntza zikloetan gastatuko diren partidak. Hala, Bigarren Hezkuntzak eta Lanbide Heziketak aurrekontuaren %37 eramango dute hurrengo urtean, eta Haur Hezkuntzak eta Lehenengo Hezkuntzak, berriz, %33.

Datuok atzo aurkeztu zituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Tontxu Camposek Eusko Legebiltzarrean. Ikasliburuen mailegua sustatzeko zehaztu duten 1,3 miloi euroko inbertsioa nabarmendu zuen Camposek, besteak beste. Gainera, egungo hizkuntz ereduen inguruko azterketa aurkezteko asmoa dutela adierazi zuen.

Osasun Saila Ekipamenduetan inbertsioak %40 handituko dituzte

e.u.

Gasteiz

Eusko Jaurlaritzaren 2007. urteko aurrekontuetan diru sarrera potoloena Osasun Sailari dagokio, alegia aurrekontu osoaren %31,96. Zenbateko zehatza atzo goizean aurkeztu zuen Osasun sailburu Gabriel Inclanek Eusko Legebiltzarrean. 2.793.630.000 euro inbertituko dira hurrengo urtean, iaz baino %11,4 gehiago. Gainera, inbertsioak %40 hazi dira, «EAEko osasun ekipamenduak eta azpiegiturak modernizateko helburuari jarraituta», azaldu zuen Inclanek

Osasun Sailak 885 miloi eramango ditu, eta Osakidetzak gainerako 1.908 milioiak. Oinarrizko arretako osasun egoitzek eramango dituzte Osakidetzari zuzendutako diru partida handiena, izan ere, Inclanek azaldu zuenez, 45 profesional gehiago kontratatuko dituzte itxaron zerrendei aurre egiteko. Bestetik, farmazian inbertsioa handia izango da, botika generikoen erabilera sustatzeko asmoa baitu Osasun Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.