Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak "toleranteagoak" dira, Ikuspegi Gizarte Gaien Behatokiak 2011n egin zuen immigrazioari buruzko barometroaren arabera. 2010eko barometroarekin alderatu dituzte datuok.
Immigrazioa "arazo" gisa ikusten dutenen kopuruak behera egin du, eta EAEko herritarren %2,4rentzat lehen arazoa da immigrazioa.
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gaur aurkeztu du Ikuspegik egindako txostena.
EAEko herritarren %76,4k ez dute immigranteak hartzeko eragozpenik, lan hitzarmen bat baldin badute, behinik behin.
Immigranteak direla-eta estereotipoak daudela jaso dute txostenean, baina aurreiritzi horiek "benetako errealitatea edozein izanda ere" azaleratzen direla ondorioztatu dute.
Kezka handiena sortzen duen gaietako bat "gizartearen ongizatea mantentzea" da, behatokiaren arabera.