EAEko Justizia Epaitegiak ez ditu aintzat hartu Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainia mistoari ibilbidean eta ordutegian ezarri dizkion aldaketen kontrako helegitea.
Gipuzkoako Aldundiak gaur, hain zuzen, errefusatu egin ditu Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen aldaketa horiek, baita Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatearen jarrera, alarde tradizioanala babesteagatik. Alkateak eta udal gobernuak legea urratzen ari direla salatu du Aldundiak.
Gipuzkoako Aldundiak gaur kaleratu duen ohar batean adierazi du alardeak "bat, publikoa, parte hartzailea eta parekidea" izan beharko lukeela. Laura Gomez Berdintasun diputatuak iragarri du alarde mistoan izanago dela, eta babesa eta errekonozimendua adierazi die 1996tik emakumeen eskubideen alde "bakarrik" borrokatu direnei.
EAEko Parlamentuko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok Herrizaingo Sailak ezarritako debekua salatu du eta iragarri du Hondarribiara (Gipuzkoa) joango dela bihar Jaizkibel konpainiari babesa eta elkartasuna adieraztera. Rodolfo Aresek aldaketen arrazoiak azaltzeko Parlamentuan agerraldia egitea eskatu du Ezenarrok. Bere erabakiaren oinarri den txostena aurkezteko eskatu dio Aresi, "segurtasun arrazoiak ezin dira inoiz Alardean berdintasunean parte hartzeko eskubidearen gainetik jarri", argudiatu du Aralarreko kideak.