Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Esther Larrañaga sailburuordeak Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi Egunkariaren Aldeko Elkarteko kide eta 'Egunkaria auzian' auzipetuak hartu dituzte gaur goizean Gasteizen.
Torrealdaik, Oleagak eta Otamendik une honetan 'Egunkaria auzia' zertan den agertu diete sailburuari eta sailburuordeari, eta, era berean, joan den ostiralean Babes Taldeak egin zuen eskaeraren berri eman diete. Euskal gizarteko hainbat arlotan izen handikoak diren hamasei lagunek osatzen dute Babes Taldea, eta 'Egunkaria auzia' sobreseitzeko eta auzipetu guztiei beren eskubide pertsonal eta ondarezkoak itzultzeko eskatu zuten.
Azkarragak esan die berak ere bat egiten duela eskaera horrekin.
Izan ere, Egunkariaren Alde Elkarteko kideek sailburuari agertu diote berme judizialik gabe sentitzen direla eta 'Egunkaria auzia'-k bulka politikoa duela.
Martin Ugalde zenarekin gertatutakoa ere mintzagai izan dute Justizia sailburuak eta Egunkariaren Alde Elkarteko kideek, eta, guztiei mingarria iruditu zaie Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok ez onartzea Ugalderen izena birgaitzeko eskaera.
Joan den astean, ostiralean, izen handiko 16 lagunek osatutako Babes Taldea aurkeztu zuen Egunkariaren Alde Elkarteak. Besteak beste, Babes Talde horretako kide dira Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia, Xabier Arzalluz EAJkopresidente izana, Koldo Gorostiaga EH-ko eurodiputatua aurreko legegintzaldian, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia eta Rafa Diez LABekoa, Jesus Uzkudun CCOOko zuzendaritzakoa, Garbiñe Biurrun epailea, Bernardo Atxaga idazlea eta Fermin Muguruza musikaria.
Finean, euskal gizartearen ispilu zabala da Babes Taldea, bai ordezkatuak dauden arlo ugariengatik, bai pentsakera diferenteengatik.
'Egunkaria auzia'
EAEko Justizia sailburu Azkarragak bat egin du 'Egunkaria auzia' ixteko eskaerarekin
Eusko Jaurlaritzak Joseba Azkarraga Justizia sailburuaren bidez bat egin du iragan ostiralean Egunkariaren Alde Elkartearen Babes Taldeak egindako eskaerarekin: hots, auzia sobreseitzeko galdearekin. Egunkariaren Alde Elkarteko zenbait kiderekin bilera egin du Azkarragak, eta batzar horretan esan die Babes Taldearen eskaerarekin bat datorrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu