politika

EAEko legealdiaren amaiera ofizial egitea baino ez da falta

Basagoiti Lopezekin bilduko da datozen egunetan, hauteskundeak aurreratzeaz hitz egiteko, "legealdiak gero eta zentzu gutxiago duelako". Jaurlaritzak esan du PPk bukatutzat eman duela PSErekin duen akordioa, eta EAJk ere amaitutzat eman du ituna, eta zer babes daukan jakiteko legebiltzarrera jotzeko eskatu dio Urkulluk lehendakariari. Patxi Lopezek bihar agerraldia egingo du.

2012ko maiatzaren 7a
22:19
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako bozak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren eta, itxura guztien arabera, ez dirudi hurrengo 2013ko martxoan-edo izango direnik. Izan ere, EAEko PPk Jaurlaritzari bozak aurreratzeko eskatuko dio aurki, Jaurlaritzak uste du PPk PSErekin duen akordioa bukatutzat eman duela, eta EAJk ere esan du PSE-PP ituna amaituta dagoela.

PSEk eta PPk 2009ko bozen ostean oinarrizko akordioa egin arren, PP ez zen Jaurlaritzan sartu baina legealdian hari babesa eman dio, eta bien artean gehiengo osoa dute. Orain PPk esan badu hauteskundeak aurreratu egin behar direla, uler daiteke ez diola babes iraunkorra emango Jaurlaritzari legebiltzarrean. Beraz, PSEk 75 parlamentarietatik 25 dituenez —EAJ da lehen indarra, 30ekin—, badirudi EAEko legealdiaren amaiera ofizial egitea baino ez dela falta.

Lopezek bihar agerraldia egingo du, Rubalcabak esan duenez

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak iragarri du Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak bihar agerraldi bat egingo duela. "Hark esandakoarekin erabat egingo dut bat", esan du Rubalcabak gaur, Madrilen, PSOEko zuzendaritzaren bileraren ostean. Lopez bera ere izan da batzarrean, Harreman Politikoetarako arduraduna baita. Dena dela, Rubalcabaren arabera, gaien artean ez dute EAEkoa hizpide izan —Europaz eta Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoaz mintzatu omen dira—.

"Herriaren onerako" eskatuko du Basagoitik bozak aurreratzeko

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak gaur goizean adierazi du "gero eta zentzu gutxiago" duela Patxi Lopezek Eusko Jaurlaritzako lehendakari izaten jarraitzeak, eta azaldu du datozen egunetan harekin hitz egiteko asmoa duela, hauteskundeak noiz egingo diren argitzeko eta aurreratzearen aukeraz jarduteko. Eusko Legebiltzarrerako bozak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren.

Basagoitik esan du hauteskundeak aurreratzeko eskaera ez duela "botoengatik" egingo, "herrialdearen onerako" izango delako baizik.

Punto Radio irratian egindako adierazpenetan azaldu du sozialisten eta popularren arteko akordioa ez dela "inoiz erraza izan", eta Basagoitik uste du Lopez kanpaina egiten ari dela. "Arduratuago dago bere alderdiko interesak defendatzeaz herrialdearen interesak defendatzeaz baino".

Haren arabera, PPk "bere gain" hartu ezin dituen gauzak planteatzen ari da PSE-EEren gobernua, eta Basagoitiren iritziz, garaia da "beste aro" batera igarotzeko.

Jaurlaritzaren erantzuna PPri

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu du Basagoitik amaitutzat eman duela PPk PSE-EErekin duen akordioa, eta "autogobernua defendatu" ordez, Espainiako Gobernuaren murrizketak "babestu" egin dituela salatu dute.

EAJk bukatutzat eman du PSE-PP ituna

PSOE-PPren arteko itun hausturaren balorazioa. Izenburu horrekin deitu du EAJk gaur arratsalderako prentsaurrekoa, eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak Lopezi eskatu dio legebiltzarrean zer babes daukan jakiteko galdetzeko. “Lopezek argi utzi behar du Eusko Legebiltzarrean zenbat babes dituen, eta legebiltzarra da PPk esateko duena entzun behar duena. Euskal gizarteak argitasuna exijitzen du. Lehendakariari exijitu nahi diogu legebiltzarrean konfiantza neurtzeko galdera egin dezala”.

Urkulluk uste du "egoera jasanezina" dela eta Jaurlaritzak "ahul" dagoela. “Euskadik egoera azaltzea eskatzen du pairatzen dugun krisialdi ekonomikoaren aurrean eta ekin beharko diogun normalizazio politikorako bidean. Ahultasuna zegoen lehendik ere, itunaren beraren ahultasunagatik; gaur egun, egoera jasanezina da". 

Aralar eta EA

Aralarrek uste du Jaurlaritzak ez duela "gaitasunik eta zilegitasunik" gizarteak dituen beharrei erantzuteko. Baikortzat jo dute Basagoitik hauteskundeak aurreratzeko egin duen eskaera, baina PSE-EErekin akordioa hausteko emandako arrazoiekin ez dator bat. "Sozialistekin daukan akordioak hauteskundeetarako ekarpenik ez diolako egiten nahi du PPk hauteskundeak aurreratzea. Begi bistakoa da lehendakariak oposizioa egin nahi diola Madrilgo Gobernuari, eta horrek Basagoiti haserrearazten du", azaldu dute ohar baten bidez.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak esan du PPk "interesa" duela hauteskundeak "lehenbailehen" aurreratzeko, "gizartearen babesa galtzen ari dela diotelako inkestek". Itunaren amaiera "iragarritako heriotza baten kronika" dela iruditzen zaio Urizarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.