Nolanahi ere, bero boladak iraun duen bitartean heriotza kopurua handitzea litekeena dela onartu du Inclanek, baina, halaber, esan du okerra iruditzen zaiola heriotza horien kausa tenperatura altuak izan direla ondorioztatzea; funtsean, beroaren faktoreak hainbat heriotzatan zenbaterainoko eragina izan duen neurtzea ezinezkoa dela esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
"Egia da beroak, hotzak bezala, eragina duela jendearen osasunean. Egia da, halaber, gero eta jende zaharragoa dagoela eta, beraz,gaixotasun asko dituen gero eta jende gehiago bizi dela: diabetikoak, hipertentsoak… Egia da jende horri beroak kalte egiten diola, baina zuzenean beroaren ondorioz hil direnik ezin da esan. Nolanahi ere, gauza bat ziurta dezaket: gure osasun zerbitzuek behar bezala erantzun diotela horri guztiari", adierazi du Osasun sailburuak.
Frantzian bizi izan den egoera eta EAEkoa ez direla inola ere parekagarriak nabarmendu du Inclanek; Osasun sailburuaren arabera, antolaketa txarraren ondorioz erietxeek eta zaharrentzako arreta zerbitzuek gainezka egin dute Frantzian, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez da halakorik gertatu: "Gurean ez daago itxaron zerrendarik, ez dago erietxeetan leku faltarik. Kasuak ez dira parekagarriak".
Bero boladaren ondorioak neurtzeko garaian "zuhurtzia" eskatu die Inclanek herritarrei.
Beroa
EAEko osasun zerbitzuek bero boladari behar bezala erantzun diotela ziurtatu du Inclan Osasun sailburuak
Uztailaren erditik abuztuaren erdira bitarteko bero boladak, zuzen-zuzenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hiru heriotza baino ez dituela eragin azaldu du Gabriel Inclan EAE Euskal Autonomi Erkidegoko Osasun sailburuak. Hiru heriotza horiek bero kolpe edo hipertermien ondorio izan direla esan du, eta, hain zuzen ere, heriotza mota hori dela beroarekin zuzenean lotu daitekeen bakarra —beste bi heriotza hipertermien ondorio izan diren ikertzen ari da Osasun saila—. Ildo horretatik, EAEko osasun zerbitzuek bero boladari behar bezala erantzun diotela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu