Barakaldoko Gurutzetako eta Arabako (Gasteiz) eta Donostiako unibertsitate ospitaleetako jaioberrien unitateko buruek baztertu egin dute erietxe publiko horietan umeen lapurretak egiteko aukera. Eusko Legebiltzarrean haur lapurtuen eta adopzio irregularren kasuak aztertzeko batzordean hitz egin dute gaur, eta 70eko hamarkadako eta egungo protokoloen berri eman dute. Umea jaiotzen zen unetik ezarritako protokoloen arabera haur bat lapurtzea “pentsaezina” dela esan du Enrique Gonzalez Molina Arabako Unibertsitate Ospitaleko jaioberrien unitateko klinikaburuak.
Gonzalezek gogorarazi du hiru hamarkadako epean zenbait irizpide guztiz aldatu dituztela. Besteak beste, 70eko hamarkadan umea adopzioan ematen zuen emakumeari ez zioten jaioberria ikusten uzten, eta haurrari abizena aldatzen zioten, “trazabilitatea” saihesteko. Gaur egun kontrako irizpidea dagoela adierazi du, eta amak uneoro duela harremana jaioberriarekin.