Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du espetxe politikak nolakoa izan behar duen "alderdi demokratikoek" erabaki behar dutela, eta ez ezker abertzaleak. "Espainiako Gobernuak ez du tontakeririk eta akatsik egingo, eta beti legediaren barruan jokatuko du. Eman daitezke pausoak, baina presarik eta exijentziarik gabe".
Atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko eta larri gaixorik daudenak askatzeko eskatu zion Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari, Moncloan, euren arteko lehen bileran —"antzinako Batasuna" legeztatzeko ere galdegin zion—, eta ondoren esan zuen gustura bukatu zuela Raxoik egindako "harreragatik". Oiarzabalen ustez, ETAren bukaera lortzeko "abiapuntu ona" da atzoko batzarra.