Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

EAEko PPk Raxoiri jarraituz Araba saldu duela iradoki du Patxi Lopezek

Forondako aireportua lanean nahi duela nabarmendu du PSEk, «astean zazpi egunetan eta 24 orduz»

Patxi Lopez, atzo, Forondan egin zuen ekitaldian. Atzean, aireportuko langileak protestan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
PPtik bereizten saiatu da Patxi Lopez alderdi hori agintean dagoen lurraldean: Araban. Abertzale ez direnen botoa bereganatzeko saio garbia egin du, PPk lurraldeari ezer onik ez diola ekarriko ohartaraziz, eta EAEko PPri Araba salduta uztea egotzita. PP Espainiako Gobernuan hartzen ari den neurrien aurrean beste aldera begiratzea egotzi die Gasteizko alkate Javier Marotori eta Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresi. Lopezek azaldu du PSE-EEk ekarpen ona egin diola Arabari PPren aldean. «Agintean egon diren gobernu gutxik aurkez dezakete Araban guk bezalako balantzea».

«PPk argi utzi du Arabarako duen apustua: Foronda ixtea, trenbidea lur azpitik pasatzeko finantzaketa kentzea, Artiumi eta Antzerki jaialdiari laguntza kentzea... eta hori guztia alkatearen eta ahaldun nagusiaren isiltasun konplizearekin. Raxoiren alderdi eta murrizketa kide baitira», esan du. Forondan bertan izan zen atzo Lopez, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak hura ixteko asmoa duela ohartarazten. PSE-EEk halakorik ez duela egingo hitz eman du: «Foronda errentagarria eta beharrezkoa dela uste dugu; horregatik martxan behar dugu egunean 24 ordu eta astean zazpi egunetan». Forondako langileei babesa ematen saiatu zen Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, baina protestariak izan zituen, orain arte babes asko sentitu ez duten seinale, eskuan zituzten kartelen leloa: «Patxi, non egon zara gaur arte?».

PSE-EEk, Jaurlaritzatik Arabarako ekarpen garrantzitsuak egin dituela nabarmendu du «ekonomia akuilatzeko politikak eta ez geldiaraztekoak». Mercedesen plantan kotxe elektrikoa sustatu dutela nabarmendu du, gizarte zerbitzuak hirukoiztu dituztela, Arabako Unibertsitate Erietxea eta beste hiru osasun zentro bultzatu dituztela, hezkuntzan inbertitu dutela, 100 gazterentzako kontratuak egitea adostu dutela Aernovarekin, eta New Food Spray enpresaren sorrera sustatu dutela. Lopez haserre azaldu da Marotok «Araba baztertzea» egotzi diolako, eta Green Capital babestea ez dela baztertzea erantzun dio, ezta, besteak beste, tranbia Abetxukora eramatea ere.

«Negoziorik txarrena»

Abertzale izan baina independentziarekin konbentzitu gabekoei ere mintzatu zitzaien Lopez atzo, ia egunero bezala. Beldurra sartzeko taktikari jarraitu zion, independentziak zer ekarriko ote duen, eta berretsi zuen hori dela «negoziorik txarrena». Aukerarik onena federalismoa dela esan zuen, eta berak horixe defendatzen duela; senatua «lurraldeen ganbera» izatea proposatu du, «leialtasun instituzionalarekin», haren ustez ezin baita onartu gobernuak ostiralero dekretuak onartzea «eskumenak inbadituz».

Zer nahi duen argi ez esatea aurpegiratu dio, berriz ere, EAJri: «Nahi dutena independentzia erabakitzea bada, argi esan dezatela independentziaren alde daudela». PSE kontra dagoela esan du «arazo guztiak okertuko lituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.