EAEn bularreko minbizia izateko arrisku larria duten 200 andre identifikatzea espero dute

Osakidetzaren kanpaina berria bularreko minbiziko aurrekariak dituzten emakumeei begira dago pentsatua

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bularreko minbizia garaiz atzemateko abian jarritako kanpainari esker, gaixotasuna duten edo izateko arrisku handia duten 200 emakume identifikatzea espero du Osakidetzak. Hala jakinarazi zuen atzo Osasun Batzordean Rafael Bengoa sailburuak: «Minbizia izateko arrisku handiagoa dute horretako joera genetikoa duten emakumeek. Joera hori dutenen %80k gaixotasuna garatzen dute. Hori dela eta, oso garrantzitsua da garaiz diagnostikatzea».

Aurreko astean eman zuen Bengoak kanpainaren berri. Horren karietara datorren urtean eskutitzak bidaliko dizkiete 45 eta 49 urte arteko emakumeei, bularreko minbiziaren aurrekariak dituzten jakiteko. Guztira 86.771 eskutitz bidaliko dituzte, eta jasotzen dutenek galdeketa bat bete beharko dute bularreko minbiziaren inguruan dituzten aurrekariei buruz. Gaixotasuna izateko aparteko arriskua duten emakumeei dagozkion osasun probak egingo dizkiete.

Osasun Sailaren aurreikuspenen arabera, behin galdeketa hori beteta, 7.000 emakumeari lehen arretarako medikura joatea gomendatuko diete lehen azterketa bat egiteko. Horietatik 3.000 bat ingururi egingo dizkiete ondorenproba zehatzak: mamografiak eta ekografiak.

Koloneko minbizirako testa

Bestalde, Donostiako Onkologikoak koloneko minbizia garaiz diagnostikatzeko test azkarra eskaintzen hasiko da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan test hori egiteko aukera ematen duen lehen erietxea da.

Testaren izena mS9 da, eta odol analisi baten baten bidez egiten da. Orain arte gorozkien analaisia egiten zen koloneko minbizia diagnostikatzeko, eta gaixoak sendagilearengana itzuli behar izaten zuen emaiatzak jasotzera. Kasu honetan, unean bertan emango zaio emaitzen berri.

Test horren bidez septina 9 izeneko genearen presentzia atzematen da. Gene hori koloneko minbiziko kasuen %90ean aurkitzen da. Gaixoari genea atzematen bazaio, dagozkion probak egiten zaizkio, minbizia duen argitu ahal izateko.

Koloneko minbiziak ez du sintomarik. Hori dela eta, kasu gehienetan diagnostikatzen denerako gaixotasuna garatuta dago. Beraz, 50 urtetik gorako pertsonei halako probak egitea gomendatzen diete. Osakidetzak berak koloneko minbizia garaiz diagnostikatzeko programa jarri zuen abian iaz, 50 eta 69 urte arteko herritarren artean. Helburua: gaixotasun horrek eragindako heriotzak %33 murriztea. Programa Bizkaiko hainbat herritan hasi zen, eta pixkanaka lurralde guztiera zabaltzea nahi dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.500 kasu berri diagnostikatzen dira urtero. Bai emakumeen zein gizonezkoen kasuan, gehien garatzen den minbizi moten artean bigarrena da kolonekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.