Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo dauden ikastetxe pribatuekin inolako laguntza ekonomikorik ez hitzartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Dena den, EAEtik kanpo euskara sustatzeko bestelako ekimenak garatzeko aukera ez du ukatzen, betiere dagokion tokiko erakunde publikoekin egindako akordioen bitartez. PSE-EEk eta PPk bat egin zuten atzo ekimen hori aurrera eramateko Eusko Legebiltzarrean. Gainontzeko taldeek aurka bozkatu zuten, UPyD izan ezik, abstenitu egin baitzen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak orain arte jarraitu duen ibilbideari babesa eman diote PSE-EEk eta PPk atzo onartutako testuaren bitartez. Hain zuzen ere, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolei aurretik zeuden akordioei eusteko aukera ematen die, baina ez du asmorik diru laguntza gehiago hitzartzeko. Jatorrizko ekimenean, UPyDk aurkeztua, laguntza hori ere kentzeko eskatu dute.
PSE-EEk eta PPk adostutako testuak hitzarmen berriei ateak itxi dizkie, baina ez orain arte sinatutakoei. Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak hori berretsi zuen, etaeutsi egingo diotela Jaurlaritzak Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen elkartearekin duen hitzarmenari. Hau da, Seaskak 400.000 euro jasoko ditu urtero 2012 urtera arte.
EAEtik kanpoko ikastetxeak diruz laguntzea «esku-hartze onartezina» dela azaldu du Reyesek, Urgell Kultura sailburuaren hitzak gogora ekarriz. Orain arte emandako laguntza horiek «babes sare nazionalista» sortzeko izan direla gaineratu du. «Gehiegikeriei iraungitze data jarri diegu gaur, diru laguntzetan urteetan izan diren gune ilunei». Berdintsu hitz egin du Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak. «Sustapena mantendu nahi dugu, baina orain arte izandako abusuak saihestu».
Ordea, eskolatzearen laguntzak eta euskararen sustapenari emandakoak ezberdindu egin behar direla gaineratu zuen. EAEtik kanpo bigarren ekimen horiek sustatzearen alde agertu da Legebiltzarreko osoko bilkura, baldin eta erakunde publikoen bitartez egiten badira. Ipar Euskal Herriaren kasuan Euskararen Erakunde Publikoaren bidez bidera ditzala eskatu du PSE-EEk eta PPk onartutako testuak.
Etxepare Institutua, tresna
Hezkuntza ez den beste alorretan euskara sustatze aldera Etxepare Institutuaren garrantzia nabarmendu dute PPko eta PSE-EEko bozeramaileek. Haien ustez, Etxepare Institutuari dagokio EAEtik kanpoko euskara sustatzeko ekintzak bultzatzea. Dena den, EAJk ez du argi ikusten lan egiteko modu hori ez ote den diru murrizketa ezkutatzeko maniobra bat. Bestalde, hezkuntzaren garrantzia gogorarazi du Garbiñe Mendizabal legebiltzarkideak. «Etxepare Institutuak euskara susta dezake, baina ikastolek erakutsi egiten dute hizkuntza».
EAk eta EBk erdibideko zuzenketa bat adostu dute, non Euskal Herriko zazpi herrialdeetan euskararen garapenaren alde lan egiteko eskatzen baitzioten Eusko Jaurlaritzari, eta lan horretan «inolako datarik» ez zehazteko eskatu zioten Jaurlaritzari, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak azaldu bezala. «Belaunaldi berriak euskaldundu behar dira euskara sustatzeko, eta horretarako ikastolak behar dira», laburbildu du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak. Proposamen horrek ez ez zuen aurrera egin, PP, PSE-EE eta UPyD kontra agertu zirelako.
Azkenik, Aralarrek «zintzo» jokatzeko eskatu dio PSE-EEri, eta euskararen sustapen txikiagoa egingo dela azaltzeko. «PPrekin batera zoazen bitartean nekez egongo zara euskal gizartearen erdian, euskararen sustapenari dagokionez».
EAEtik kanpoko eskolak diruz ez laguntzeko eskatu du Legebiltzarrak
Jaurlaritzak eutsi egingo dio, ordea, Seaskarekin datozen hiru urteetarako zuen hitzarmenari, 2012 arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu