EAJ aurrekontuak aztertzeko prest da, «PSE-EEren jarrera ikusteko» balioko diolako

Umiltasunez jokatzeko eta datorren gobernuari bere aurrekontuak egiteko aukera emateko eskatu dio Lopezi

Erredakzioa
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
PSE-EEk etengabe hauteskundeetan pentsatzen egotea eta 2013ko aurrekontuak negoziatzeari uko egitea leporatu ondoren, azkenik Eusko Alderdi Jeltzaleak sozialisten enbidoa onartu, eta aurrekontuak aztertzeko prest egongo dela jakinarazi du Andoni Ortuzarrek, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Ohartarazpen argi bat egin dio PSE-EEri, ordea: «Hor ikusiko dugu zer jarrera duen Patxi Lopezek, dagoeneko PPren sostengua ez duela. Ea egia den, esaten duen bezala, akordiorako prest dagoela. Ea egia den benetan herrialde hau ez dagoela alderdien arteko ika-mika etengabeetarako, dioten bezala».

Radio Euskadik Ortuzarri egindako elkarrizketan, hark adierazi du hauteskundeak lehenbailehen egin beharko liratekeela, baina aurrerapenarekin ez direla itsutuko gaineratu du: «Jada berdin zaigu martxoan edo azaroan izan. Hilabete gutxi geratzen dira. Niri iruditzen zait gobernu honek umil jokatu beharko lukeela eta lehendakariak jabetu beharko lukeela handiegi dela beretzat zeregin hau». Azken hilabeteetan egindako kritiken bide beretik, buruzagi jeltzaleak gaineratu dukontu publikoak eta krisiak «gaizki» kudeatu dituela Jaurlaritzak. «Zergatik ez diogu uzten hurrengo gobernuari bere aurrekontuak egiten?», galdetu du.

Basagoiti ere, prest

Antonio Basagoiti PPko buruzagiak ere nahiago luke hurrengo gobernuak 2013ko aurrekontuak landu ahal izatea, eta, horrenbestez, hauteskundeak udazkenera aurreratzea. Dena den, Basagoiti Lopezen aurrekontu proposamena «ikusteko» gertu azaldu da, eta «legealdia amaitzeko geratzen den tartean» elkarlanerako prest agertu da, era berean.

Patxi Lopezek hauteskundeak aurreratzearekin «gutxiago pentsatzeko» eskatu die oposizioko alderdiei. «Euskadik ez du behar kanpaina-aurre bat, ezta arazo larriei erantzuteko hasita dauden planak geraraziko dituzten hauteskundeak». Lopezek dio bere lehentasuna «gizartea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.