EAJ da garaile berriz ere Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina ez du gehiengo osorik lortu. Orain ere boto gehien bildutako alderdia bada ere, nabarmen egin du behera, bai boto kopuruan, bai ordezkaritza kopuruan. 80.000 boz inguru galdu ditu EAJk Bizkaian. Eusko Jaurlaritzan hirukoa osatzen duen taldeen babesarekin, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia izango litzateke. Edozein moduz, EAren babesa ez du beharrezko. Aski ditu Ezker Batua-Aralar koalizioaren botoak.
Duela lau urteko hauteskundeetan, 51 batzarkideetatik 27 lortu zituen EAJ-EA koalizioak. Gehiengo osoa, beraz. Orain, 23 eserleku eskuratu ditu EAJk. EArekin koaliziorik egin gabe aurkeztu da orain, eta EAk eserleku bakarra lortu du. Bi alderdien artean 2003ko hauteskundeetan 27 batzarkide izatetik 24 izatera jaitsi dira. EAJren eta EAren botoak, beraz, ez lirateke aski izango Bilbaoren gidaritza bermatzeko. Ezker Batua-Aralar koalizioaren babesa, aldiz, nahikoa izango luke Bilbaok ahaldun nagusi izaten jarraitzeko.
Ezker Batua-Aralar koalizioak 4 eserleku lortu ditu. Hiru batzarkide lortu zituen 2003an Ezker Batuak, eta Aralarrek ez zuen eserlekurik eskuratu. Hortaz, batzarkide bat gehiago eman die bi alderdiei koalizioak.
PSE-EE, BIGARREN INDARRA. PSE-EEk nabarmen egin du gora Bizkaian ere. Boto kopuruei dagokienez, aurreko foru hauteskundeetan jasotako boto kopuruaren antzekoak jaso ditu. Baina izandako abstentzio kopuruak eta EAE-ANVren zerrenda gehienen baliogabetzeak ordezkari gehiago eman dizkiote. Azken agintaldian 11 batzarkide izan ditu alderdi sozialistak, eta 14 lortu ditu orain. Bigarren indarra da Bizkaian. Aurreko foru hauteskundeetan ere bigarren alderdia izan zen, baina PPrekiko ordezkari bakarraren aldearekin. PPk baino bost ordezkari gehiago izango ditu orain.
Bi ordezkari galdu ditu PPk. 10 batzarkide lortu zituen duela lau urte, eta 8 eskuratu ditu orain. Botoetan, nabarmen egin du behera Alderdi Popularrak. 124.000 inguru jaso zituen aurreko hauteskundeetan, eta 85.000 inguru jaso ditu orain.
EAE-ANVk batzarkide bat izango du Bizkaian. Lau barrutietako bakarrean izan du legezko zerrenda EAE-ANVk: Enkarterrietan. Bertan eskuratu dituen boto kopuruarekin, eserleku bat eskuratu du.
ANV-REN BOTOAK KONTUAN HARTUTA. Bilbo Handian, Durango-Arratian eta Busturia-Uriben legez kanpo utzi zituzten EAE-ANVren zerrendak. Baliogabeak dira, beraz, barruti horietan eskuratutako botoak. Horiek kontuan hartuta, sei edo zazpi ordezkari izango lituzke EAE-ANVk. Duela hiru urte AuB legez kanporatutako plataformak lortutako botoak kontuan hartuko balira izango lituzkeen bi batzarkide baino bost gehiago. Bizkaian gorakada handiena eskuratu duten botoak, beraz, baliogabeak izan dira.
Ondorioz, EAE-ANVk eskuratu dituen 71.000 boto inguruekin, 6 edo 7 batzarkide izatea egokituko litzaioke. Legez kanporatzearen ondorioz izango ez dituen batzarkideak EAJ, PSE-EE eta EAren artean banatuko dituzte. Hain zuzen ere, boto baliogabeak baliogarri izango balira, EA ordezkaritzarik gabe egongo litzateke Bizkaian.
Bestalde, abstentzio kopuruak gora egin du nabarmen Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban bezala. Duela lau urteko hauteskundeetan abstentzioa %28,41ekoa izan zen Bizkaian. %39,75koa izan da aurten. Duela lau urte baino jende gehiagok egin dio uko boto emateko eskubideari, beraz, etaEAJri nabarmen eragin diola esan liteke.
EAJ da berriro nagusi Bizkaian, baina gehiengo osorik eskuratu gabe
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak karguari eusteko aukera du EB-Aralar koalizioaren botoekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu