BIZKAIA

EAJ da garaile argia Bizkaian, osoa kontatuta

EAJk ditu botoen %38. Honakoa da banaketa Bizkaian: EAJk 11, EH Bilduk 6, PSE-EEk 5 eta PPk 3. Abstentzioa, 1994az geroztik izandako handiena: %35. PSE-EEk porrot egin du; Barakaldo galdu du, besteak beste.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 21a
06:57
Entzun

PSE-EEk Bizkaian jasandako porrota baieztatzen dute datuek. Aurreko bozetan, boto baliogabeak kontuan hartuta, zortzi eserleku zegozkion; orain, bost. Boto kopuruan oso handia da EAJren nagusitasuna: botoen %38 ditu, 229.569 boto. EH Bildu da bigarren indarra; 101.000 boto atera dizkio EAJk. Galtzailea PSE-EE da: EAJtik 116.400 botora geratu da. Aurrekotan, 63.000koa zen aldea.

Abstentzioak gora egin du Bizkaian. %35ekoa izan da. Atzera begira jarrita, Eusko Legebiltzarrerako bozetan parte hartze txikiagoa aurkitzeko, 1994raino jo beharra dago: %39,63koa izan zen orduan. Aurreko hauteskundeetan, 2009an, %33,66koa izan zen.

Bilbon erabatekoa da EAJren nagusitasuna: osorik kontatuta, EAJk botoen %37 ditu. PSE-EE da bigarren, EAJtik 30.000 botora (64.766 dituzte jeltzaleek, 34.845 sozialistek). Abstentzioa igo da Bilbon, baina eragin oso diferentea izan du. 2009ko bozekin alderatuta, hara: EAJk 64 boto gutxiago, PSE-EEk 22.580 gutxiago, PPk 4.208 gutxiago.

PSE-EEk urteetan bereak izan dituen herriak galdu ditu. Barakaldo galdu du, besteak beste; 200 boto atera dizkio EAJk. Basaurin ere sozialistak izan ziren nagusi 2009an, EAJri 500 boto aterata; orain, EAJk 1.600 atera dizkio. Portugaleteri eustea lortu du Patxi Lopezek, baina jaitsi da han ere. EAJri 2.300 boto atera zizkion 2009an; orain 300. Bermeon, %100 zenbatuta, EAJk Bilduri 1.400 boto atera dizkio, nahiz Bildurena den alkatetza. Getxon garbi jarraitzen du EAJren nagusitasunak: botoen %37 ditu.

 

2009KO HAUTESKUNDEAK

BIZKAIA

Emaitza ofizialak

EAJ. 12 legebiltzarkide (241.732 boto, %41,5)
PSE-EE. 8 (177.875 boto, %30,5)
PP. 4 (81.837 boto, %14)
Aralar. 1 (24.639 boto, %4,2)
EB. 0 (20.080 boto, %3,4)
EA. 0 (17.033 boto, %2,9)
UPD. 0 (10.916 boto, %1,8)

D3Mren botoak aintzat hartuta

EAJ. 11 legebiltzarkide (%38,2)
PSE-EE. 8 (%28,1)
PP. 3 (%12,9)
Aralar. 1 (%3,9)
EB. 0 (%3,1)
EA. 0 (%2,6)
UPD. 0 (%1,7)
D3M. 2 (43.971 boto, %6,9)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.