Bilbon eskaini duten agerraldian, Aralarrek EAJ, EA, Batasuna, Batzarre eta Zutik alderdiei igorriko dien gutuna erakutsi du. Patxi Zabaletak jakitera eman duenez, alderdi horiekin harremanak izan dituzte ekimenaren berri izateko eta proposamena aurkezteko aldebiko bilerak hitzartzeko.
Koalizioak 'Euskal Herria Bai' izena eramango luke, eta helburu bezala "bake prozesua berpiztea eta gatazka politikoa gainditzeko indarrak biltzea" dituzte, "Europako Parlamentua prozesu politikoan present edukiz".
"Euskal Herriko koalizio pluralak bake eszenatoki baten aldeko lana egingo luke, alderdi politiko guztien legalizazioaren alde eta preso politikoen egoeraren hobetzearen alde", dio Aralarren gutunak. Halaber, euskara "Europako hizkuntza baten moduan" jasotzea bilatuko luke, eta onartzeke dagoen Europako Konstituzioak "herrien existentzia, desmilitarizazioa eta nazioarteko elkartasuna" jasotzeko "zaindari lana" egitea.
"Oinarrizko akordio politikoa" Bergarako ekimenaren filosofiarekin bat egingo luke, "pluraltasunari errespetua izateko eranskina" gehituta. Koalizioaren zerrenda alderdi bakoitzak duen indarraren araberakoa izango dela nabarmendu dute, eta ordezkari "independenteak" jasotzeko aukera ez dute baztertzen.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak adierazi duenez, Nafarroa Bai koalizioaren emaitzak aurrekari ona da urrats berri hau emateko. "Koalizioak birtualtasun asko ditu, egoera politikora ondo egokitzen delako eta herri bezala jokatzeko aukera ematen duelako", azpimarratu du. Hori dela eta, beste alderdi abertzaleen partetik harrera ona izatea espero duela adierazi du.
Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak
EAJ, EA, Batasuna, Zutik eta Batzarreri koalizioa osatzeko proposamena egin die Aralarrek
Datorren ekainean egingo diren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeei begira koalizioa osatzeko proposamena egin die Aralarrek EAJ, EA, Batasuna, Zutik eta Batzarreri. Eskaintza hori Batasunak Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako egindakoaren ildotik doala adierazi du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, baina "pluraltasunari errespetua izateko eranskina" gehituta. Koalizoaren izena 'Euskal Herria Bai' izateko proposamena egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu