LAB: "Bistakoa eta ezaguna da sindikatu honetako idazkari nagusi ohi Rafa Diezek eta beste lagunek Euskal Herrian bizi dugun momentu honen alde egindako apustua eta lana, ezarritako zigorra ezin larriagotzat jotzen dugu. Agerian geratu da Espainiako Estatuaren gaitasun eza eta arduragabekeri politikoa. Erantzun sendo eta demokratikoa emateko dei egiten dugu".
Ana Mato (PPko Antolaketa idazkaria): "Gustura gaude epaiarekin, frogatu delako Otegi-eta legeditik kanpo aritu zirela".
Pello Urizar (EAko idazkari nagusia eta Bilduko ordezkaria): "Epaia ez da batere justua, eta Espainiako Justiziak astakeri juridiko eta politiko hau zuzendu beharko luke. Espainiako botereek iraganean jarraitzen dute, eta epaiak frogatzen du zenbait erabakiren atzean irizpide politikoak daudela. Bide politiko eta demokratikoen alde egin duten ordezkariak espetxean edukitzea astakeria da, euskal eszenatoki politiko berria aldatzea helburu duena".
Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea): "Otegik epaiketan esan zuen ETAk enbarazu egiten duela eta sobera dagoela, hori ez zuen aurretik sekula esan, eta guk baloratu egin genuen. Beraz, epai honek Euskadin atsekabea sortzea ulertzen dugu".
Lokarri: "Zigorra ez da batere justua, eta zigorra oinarri duen argudioa etsigarria da. Zigortutakoek indarkeria modu garbi eta sendoan errefusatu dute, eta ez du horregatik zentzurik ETAko kide edo buru direla esatea. Euren bizitzetan egiten den mina atzeraezina da, gainera, eta horregatik elkartasuna adierazi nahi diegu eurei eta euren senideei, baita legez kanpo dagoen ezker abertzaleari ere. Azken hilabeteetan indarkeriarengandik urrun izan diren mugimenduak gaur zigortu dituzten pertsonen bultzadaren emaitza dira".
Cayo Lara (IUko koordinatzaile nagusia): "Epaiak ez dio laguntzen indarkeria bukatzeko lanari".
Rosa Diez (UPD): "Biktimentzat egun ona da gaurkoa, eta txarra Estatua-ETAren arteko berdinketa sustatzen dutenentzat".
EAJ: "Ebazpena atzerapausoa da Euskadiren bizikidetzaren normalizazioan, eta zentzugabekeria politiko-judiziala da. EAJ 'ezker abertzalearen munduan dena da ETA' tesiaren aurka egon da beti. Biltzeko eskubidearen urratze argia egiaztatzen da epaiarekin. Gure ustez, ezinbestekoa da Euskadin aldi berria zabaltzea. Aurrera begiratzeko aldia da".
Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Bilduko kidea): "Ez genuen horrelako epairik espero, eta ez dugu ulertzen. Bakebidean oztopo bat da".
Aralar: "Sententzia ez da onargarria, soilik lan politikoa egiten ari zirenak zigortzea eskubide urraketa delako ikuspegi demokratiko batetatik. Euskal Herriarentzat epaia kaltegarria da, gizartea egiten ari den lana oztopatzen duelako. Zentzugabekeria juridiko eta demokratiko honek frogatzen du Estatuaren ahultasuna. Erantzuna bake bideak erabiliz eraiki behar da. Elkartasuna adierazten diegu zigortuak izan diren presoei eta preso politiko eta kontzientziako guztiei".
Unai Sordo (CCOO-Euskadiko idazkari nagusia): "Otegik eta Diezek ezker abertzalearen estrategi aldaketa bideratu zuten, eta epaiak eragin politiko garrantzitsua dauka. Gauzak aldatzen ari dira".
Oskar Matute (Bilduko ordezkaria eta Alternatibako bozeramailea): "Etsigarria da epaia, bake prozesua eta irtenbide demokratikoaren aldeko ahaleginaren aurkako delako. Euskal gizarteak ez du ulertuko kontraesana. Horren aurrean Bilduk zentzuz erantzungo du, eta garbi dago mobilizatzera deituko dugula, epaia eman dutenek, Espainiako epaitegiek ulertu dezaten euskal gizartea beste norabide batean dagoela.
Maiorga Ramirez (BIlduko Nafarroako parlamentaria eta EAko bozeramailea): "Zigorra albiste oso txarra da Euskal Herriarentzat eta bakearen eta normalizazioaren alde apustu egiten dugunontzat".
Mikel Arana (Ezker Batuko koordinatzaile nagusia): "Epaia albiste oso txarra da, ez du bakea sendotzen laguntzen. Sinestezina da Bildu legezkoa izanik eta erakundeetan egonik prozesu hori bultzatu zutenak horregatik zigortzea. Horrek erakusten du Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian bizi den egoerarekiko duen sentsibilitatea".
Joseba Egibar (EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea): "Astakeria eta eskandalagarria da Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Bateragune auziko besteen zigorra. Denborak erakutsi du lagun horiek bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin zutela, eta indarkeria baztertu dutela, ETArena barne".
Francisco Jose Alcaraz (Terrorismoaren aurkako ahotsak-eko presidentea): "Epaiak erakusten du Bildu ETAren zati bat dela, Sortu den modu berean, eta hori argudiatzeko pauso berri bat da. Bildu eta Sorturen aurkako borroka hasteko abiapuntua finkatzen du. Epaitegi batzuk legea interes politikoen gainetik jartzen dute. PSEko agintarien jarrera ezbaian jartzen du".
AVT: "Epai honen ostean, Bildu berehala legez kanpo uzteko exijitzen dugu".
Fernando de Rosa (CGPJ): "Gaur ere ikusi da Espainiako Justiziak normaltasun osoz funtzionatzen duela. Otegik onartun egin beharko luke epaia".