Eusko Legebiltzarreko talde politikoetako emakumeek —PP salbu— abortatzeko eskubidearen aldeko adierazpen bateratua onartu dute. EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko emakumeek salatu dute Espainiako Gobernuak iragarritako kontrarreforma "erasoa larria" eta emakumeen eskubideetan "atzerapauso izugarria" dela. "Emakumeoi ukatu egin nahi digute gure gorputzaren, sexualitatearen eta amatasunaren inguruan erabakitzea", adierazi dute legebiltzarkideek.
Emakume guztiek abortatzeko aukera izan behar dutela nabarmendu dute hiru taldeek. "Abortuak doakoa eta segurua izan behar du, eta horretan ardura berezia dute erakunde publikoek. Abortatzeko eskubide unibertsala izan dadin osasun sistema publikoan gauzatu ahal izatea bermatu behar da". Abortatzeko eskubidea bermatzeaz gain, beharrezkotzat jotzen dute heziketa afektibo-sexuala lantzeko bitartekoak garatzea.
Espainiako Gobernuari abortuaren kontrarreformaren aurreproiektua kentzeko eskatu diote EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko emakumeek. Halaber, dei egin diete Euskal Herriko erakunde publikoei, eragileei eta emakume-gizonei abortatzeko eskubidearen defentsan lan egiteko eta mobilizatzeko. Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dute.
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak kritikatu du EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko legebiltzarkideek ez diotela agerraldia parte hartzen utzi, "gizonezkoa izareagatik". PPren erreforma atzerakoia dela salatu du, eta nabarmendu du berdintasunaren aldeko "borroka" gizon eta emakumeei dagokiela.