EAJ eta PSE-EEko ordezkariak bihar bilduko dira PPko ordezkaritza batekin, iragan astelehenean eginiko akordioa zabaldu eta PP akordio horretara "batzeko". PSEk ohar batean adierazi duenez, hitzarmena sinatu "aurretik eta ondoren", beste erakunde, alderdi eta gizarte eragile batzuen ekarpenak jasotzeko "zabalik" dago.
Helburu horrekin bilduko dira bihar PPrekin. "Euskadi moderno, solidario, iraunkor eta lehiakorrago" bat erdiesteko asmoz eginiko akordioaren edukiak azalduko dizkiote PPri.
Rodolfo Aresek eta Iñaki Arriolak osatuko dute PSEren ordezkaritza, eta Joseba Aurrekoetxea eta Pilar Garcia de Salazarrek EAJrena. Laurak izan dira bi alderdien arteko negoziazioetan.
Negoziazioetan zerga sistemaren erreformak lehentasuna izan du. Kopuru orokorren berri eman dute bi alderdiek. Moldaketaren bidez, zerga bilketa urtean 500 milioi euro handitu nahi dute. Aurten espero den bilketarekin alderatuta, %4 handitzea eragingo luke erreformak. 2014-2016ko eperako 1.500 milioi gehiago biltzea aurreikusi dute.