EAJren EEBk adierazpena atera du gaur ETAren su-etenaren haustura dela-eta, eta ETAren agiria “gezur hutsaren antzezlana besterik ez” dela iritzi dio. “Su-etenaren haustura aipatzen du, abenduaren 30ean Barajasen bi pertsona erail zituela ahaztuta. Geroztik, ETAren zein ezker erradikalaren adierazpen guztiek helburu bat baizik ez dute izan: euren jarraitzaileen artean nola justifikatu aldez aurretik hartuta zuten erabakia”.
EBBk Sabin Etxean eman du adierazpenaren berri -Josu Jon Imaz presidenteak hitz egin du, eta ondoan zituen Josune Ariztondo idazkaria eta Iñigo Urkullu bozeramailea-, eta gogor hitz egin du Batasunaren kontra ere. “Bake prozesuaren dramarik nabarmenetakoa Batasunaren ETArekiko morrontza eta menpekotasuna izan da. Batasunaren diskurtso eta ekintza politikoa ETAren esanetara egon da. Batasunak eta ezker erradikalak Anoetako adierazpenari muzin egin diote, eta ez dute orduan esandakorik batere bete, ez gatazka kaleetatik ateratzean eta ez bitarteko politiko eta demokratiko hutsez baliatzeko orduan”.
Jeltzaleen zuzendaritzaren ustez, “gaur egun ez dago solaskide onargarririk Batasunan”, eta “muturreko mundu horretan ez dago inor politikaren eta demokraziaren alde jokatuko duenik”.
“Terrorismoari aurre egiteko gutxieneko oinarriak” bilatzeko konpromisoa duela dio EBBk, “salbuespeneko politikarik gabe eta giza eskubideekiko errespetu arduratsua erakutsita". "Baina badakigu borondate demokratiko irmoak, politikaren eta hitzaren aldeko apustuak, askatasunarekiko gure konpromisoak eta Euskadiren etorkizuna herritarren borondate askean oinarrituta eraikitzearen aldeko defentsak ETArekiko aurrez aurre jarri gaituztela”.
Zita historikoak
EBBk hainbat zita historiko erabili ditu adierazpenean, EAJren ibilbidea arrazoitu asmoz.
“1936ko urriaren 1ean, Diputatuen Kongresuan, oraindik diputatu zen Jose Antonio Agirrek hurrengoa esan zuen: ‘Demokraziak faxismoari aurre egitean, euskal nazionalismoa, historian beti egin duen bezala, demokraziaren ondoan kokatu zen. Horren ondoan jarraitzen dugu poliki-poliki, zuek, guk bezain ondo, dakizuen gisa’. Gaur, hirurogeita hamar urte ondoren, berriz ere, totalitarismoaren aurrean askatasuna defendatuko dugu. Desberdin pentsatzen dutelako soilik, pertsonak hiltzearekin mehatxatzen dutenen aurrean, beldurtu eta ikaratu nahi gaituztenen aurrean, guk beti askatasuna defendatuko dugu.
Manuel de Irujok hau esan zuen 1949an: ‘Gizakien eskubideetan oinarritutako nazionalismoa da demokrazia; eskubide horiek kontuan hartzen ez dituen nazionalismoa da faxismoa, bere enuntziatua edozer dela. Hasieratik herritarren askatasun indibiduala onartzen, aldarrikatzen eta errespetatzen ez duen askatasun nazionala onartezina da’. Horregatik, indarkeriaren bidez herrialde honetan proiektu politikoa inposatzea erabaki dutenen jokabideak soilik jo daitezke faxistatzat eta totalitariotzat. Izan ere, pertsonen oinarrizko eskubideak urratu nahi dituzte, lehenetik eta sakratuenetik hasita, bizitzeko eskubidea.
Era berean, Jose Antonio Agirreren Entre la libertad y la revolución (1930-1935) liburuko azken lerroek ere erabateko gaurkotasuna dute: ‘Txandan-txandan berriro ere errua botako digute. Berdin da... Gure gisa lortu nahi dugun askatasunaren eta hura lortzea oztopatuz gurea ez den iraultzaren artean egin dugu borroka’".
ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak
EAJ: "ETAren agiria gezur hutsaren antzezlana besterik ez da"
EBBk adierazpena atera du erakunde armatuaren erabakiaren ondoren. Haren ustez, “gaur egun ez dago solaskide onargarririk Batasunan”, eta “muturreko mundu horretan ez dago inor politikaren eta demokraziaren alde jokatuko duenik”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu