EAJren nazio batzarrean Iñigo Urkullu hautatu zuten atzo EBBko presidente beste lau urterako. BECen egin du batzarra EAJk eta hurrengo lau urtetarako lan ildoak finkatu ditu. Horien artean Urkulluk helburutzat jarri du Eusko Jaurlaritzara itzultzea.
"Euskadik beste gobernu bat behar du, benetako Eusko Jaurlaritza, EAJren Eusko Jaurlaritza", adierazi zuen Urkulluk hautatua izan ondoren. Lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeak irabazi egingo dituztela zin egin zuen. EAJ "oso bizirik" dagoela esan zuen, eta "Euskadiko" lehen alderdia direla.
Urkulluk esan zuen ezerk eta inork ez duela "EAJren independentziarekiko konpromisoa" aldatuko, eta "Euskadi bakar bat" instituzionalizatzearen alde mintzatu zen, "Ebrotik Atturrira". "Euskadi da gure helburua, helburu bakarra, eta hori lortzea berriro jaiotzea izango da", adierazi zuen.
2015. urterako Euskal Herria juridikoki eta politikoki aitortuko duen estatutu berriaren aldeko konpromisoa berretsi zuen, eta erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu behar dela gaineratu zuen.