Aldaketa ez da iritsi Bizkaiko Batzar Nagusietara, baina aldaketa esanguratsua gertatu da. Kontraesanak azalpena behar du: EAJk bere nagusitasunari eutsi dio, eta 23 batzarkide izango ditu datozen lau urteetan, hots, lehen baino batzarkide bat gehiago, eta nagusi izango da foru erakundean beste lau urtez. EH Bilduk ere eutsi dio duela lau urte lortu zuen bigarren postuari, bidean batzarkide bat uzten duen arren.
Horraino, aldaketa handirik ez. Baina, gainerakoan, aldaketa esanguratsuak daude. Podemos Ahal Dugu indartsu sartu da, eta sei batzarkide izango ditu. PSE-EEk bi batzarkide galdu ditu, eta zazpirekin gelditzen da; boto kopuruari dagokionez, laugarren indarra da. Eta PPren batzarkideen kopurua erdira jaitsi da, zortzitik laura.
Aldaketak aldaketa, EAJk ez du bere nagusitasuna arriskuan ikusiko Bizkaian. Aldundia kudeatuko du beste lau urtez, eta Unai Rementeria izango da ahaldun nagusi, bere alderdikide Jose Luis Bilbaoren lekukoa hartuta.
Modu harrigarrian errepikatu ditu EAJk duela lau urteko emaitzak. Botoetan galera txiki bat nozitzen duen arren —216.455 boto izan zituen orduan, eta 211.168 oraingoan, botoen %99,62 zenbatuta zeudenean—, ehunekoetan ia ez dago aldaketarik: %37,22 izan zuen duela lau urte, eta %37,55 orain. Are gehiago: ehunekoetan lortzen duen igoera txiki horrek beste batzarkide bat eskuratzeko aukera ematen dio.
Argi dago lau urteko kudeaketak ez diola higadurarik ekarri, eta Ahal Dugu-ren agerpenak ere ez diola inolako kalterik egin. Garaipena, gainera, nahiko modu orekatuan lortu du lau barrutietan: zazpi batzarkide lortu ditu Bilbon, bost Enkarterrin, beste bost Durango-Arratian eta sei Busturia-Uriben.
EH Bilduk 17.000 boto inguru galdu ditu, eta batzarkide kopurua errepikatzen du barruti guztietan, Bilbon izan ezik: horretan hiru batzarkide izatetik bi izatera pasa da. Hala ere, bigarren indarra izaten jarraitzen du, eta esan daiteke ondo eutsi diola Ahal Dugu-ren olatuari. Batzarkide bat galtzeak Ahal Dugu indartsuen agertu den barrutietako batean (Bilbon), horrek azal lezake nora joan diren aurreko hauteskundeetan EH Bildurenak izan ziren hainbat boto.
Ahal Dugu, hirugarren
Ahal Dugu-k 80.000 boto baino gehiago eskuratu ditu, eta sei batzarkide. Boto kopuruari erreparatuta, Bizkaiko hirugarren indarra dira, nahiz eta PSE-EEk baino batzarkide bat gutxiago lortzen duten.
Balorazio kontrajarriak egiteko aukera eskaintzen dute Ahal Dugu-ren emaitzek. Izan ere, inkesta batzuek askoz emaitza hobeak aurreikusten zizkioten alderdi berriari, eta zenbaketaren momentu batzuetan zortzi jesarleku izatera iritsi ziren. Horrek beharbada frustrazio sentsazioa utzi ahal die indar berriaren jarraitzaileei, baina ez dago dudarik lehenengo aldiz aurkezten den indar batentzat botoen ia %15 lortzea ez dela emaitza txarra.
Gune urbano eta erdaldunetan lortzen ditu Ahal Dugu-k bere emaitzarik onenak: botoen %15,14 lortu ditu Bilboko barrutian, eta %16,67 Enkarterrin —barruti horretan daude Ezkerraldeko herriak—. Kasu bietan, EH Bilduren aurretik gelditu da. Durango-Arratian %14,4 lortu du, eta askoz apalagoa Busturia-Uriben, %11,93.
PSE-EE laugarren indarra da boto kopuruari erreparatuta, eta bi batzarkide galdu ditu. Ez dira emaitza onak, batzuek aurreikusten zuten erabateko hondamendia gertatu ez den arren.
Hondamendiaz hitz egin dezakeena PP da. Euren boto kopurua erdira jaitsi da, 80.000tik 46.000ra, eta beste horrenbeste gertatu da jesarleku kopuruarekin. Hala ere, PPren lehiakide zuzen ziren indarrek —Ciudadanosek, UPDk eta Voxek— ez dute emaitza esanguratsurik lortu.
Gehiengo osoa galdu du EAJk Bilbon
Ez da ezustekorik egon Bilbon. Inkesta guztiek iragarritakoa bete da. EAJk irabazi ditu hauteskundeak, nahiz eta gehiengo osoa galdu duen. Bi zinegotzi falta izan ditu horretarako. 13 ordezkari eskuratuta, Juan Mari Aburto izango da alkate datozen lau urteetan. Izan ere, sozialistek eta popularrek dagoeneko iragarri dute ez diotela kargu hartzea eragotziko.
Igarri da, bada, Iñaki Azkuna zenaren hutsunea. Hiriburuko botoen %45 jasotzetik, %39,36 eskuratzera igaro da alderdi jeltzalea. Osotara, 63.686 boz lortu ditu; duela lau urte baino 10.000 gutxiago izan dira.
EAJ ez da botoak galdu dituen alderdi bakarra izan. Behera egin dute EH Bilduk, PSE-EEk eta, bereziki, PPk ere. Hurrenkera horretan geratu dira, gainera, duela lau urtekoa iraulita. Lehen biek zinegotzi kopuruari eustea lortu dute. 2011n bezala, launa eskuratu dituzte. Baina 1.200 bat boz galdu ditu koalizio soberanistak, eta, 3.000 pasatxo, sozialistek. Popularrek gehiago igarri dute boto galera. Izan ere, ordezkari bi gutxiago edukiko dituzte aurrerantzean, eta Bilboko bigarren indar izatetik, laugarren lekura igaro dira. Ia 10.100 boto gutxiago eskuratu dituzte.
Jeltzaleek eta popularrek galdutako zinegotziak, Bilboko udaletxera sartzea lortu duten alderdi biek eskuratu dituzte: UdalBerrik eta Ganemos-Goazen Bilbok. Podemos Ahal Dugu-k eta Bilbo Irabaziz-ek beste independente batzuekin sortutako hautagaitza da lehenengoa. Bigarrenean ere Podemos Ahal Dugu-ko kideak daude; Irabaziz-ekin bat egitearen aurka agertu zirenak. 13.500 eta 10.500 haustesleren babesa lortu dute, hurrenez huren.
Bilbon ez ezik, herrialdean ere pozik daude jeltzaleak. Hainbat udal garrantzitsu eskuratzea lortu dute. Herrialdeko bigarren herrian, kasurako, lehen indar bihurtu dira: Barakaldon, bederatzi zinegotzi ditu EAJk, eta, zortzi, sozialistek. 52 botoren aldea baino ez dute; posta bidezkoak falta dira zenbatzeko.
Gernika-Lumok ere jakin-mina piztu du azken asteetan, Jose Maria Gorroñok EH Bildu utzi eta jeltzaleekin koalizioa osatu zuenetik. Alkate izaten jarraituko du, 11 zinegotzi eskuratuta; sei lortu ditu EH Bilduk. Bermeon, ozta-ozta gailendu da EH Bildu; jeltzaleek eta koalizioak zazpina zinegotzi dituzte.
Unai Rementeria (EAJko ahalgungaia): "Gehiengo baten bermea behar dugu gure asmoetarako"
Josu Unanue (EH Bilduko ahalgungaia): "Bizkaia ezin da izan batzuen batzokia; zabalagoa da"
Javier Ruiz (PPko ahalgungaia): "Bizkaitarrontzat, Espainiakoak izatea bizi asegurua da"