EAJ malgutasunez arituko dela dio Ortuzarrek

Krisi ekonomikoari aurre egiteko «diagnosi bateratua» gutxienez egin nahi du alderdi politiko guztiekin

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzetan, alderdi politikoen arteko akordioak erdietsi nahi ditu EAJk, eta, beraz, malgutasunez arituko da gaurtik aurrera egingo duen bilera sortan. Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdietako ordezkariekiko «oso jarrera irekia» izango duela azaldu du.

Hiru gai «nagusien» inguruan egiten dituen interpretazio eta proposamenak azalduko dizkie EAJk mintzaideei, eta horiei buruzko iritzia eskatuko die ondoren. «Krisi ekonomikoa, gai publiko eta sozialak, eta autogobernua eta estatus juridiko politikoa» hartu ditu landu beharreko gai nagusitzat. Hiru gai horien inguruan akordio zabalak egin nahi ditu. Edozein kasutan, lehentasun nagusia krisiari aurre egitea dela eta, gaiaren inguruan alderdi guztiek «diagnosi bateratua» egitea da garrantzitsuena, Ortuzarren esanetan. ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, guztien diagnosi bateratua lortu nahi du «gutxienez», baita «oposizioan geratzea erabakitzen duten alderdiekin» ere; «gai honek ezin du segundo bat gehiago itxaron», arrazoitu du.

Hurrengo Jaurlaritza gainontzeko alderdiek EAJren proposamenen aurrean hartzen duten jarreraren araberakoa izango dela azaldu du, eta politiken norabidea UPDren esku egongo ez den esperantza azaldu du. Horretarako, euskal gizartean «horren marjinala» den ordezkari bakarrak «garai berriaren norabidea» erabaki ez dezan, «zintzotasun politikoa» eskatu dio EH Bilduri.

Estatu eredua eta 2015a

Espainiako estatu ereduari buruz «guztion artean» pentsatu behar dela ere adierazi du Ortuzarrek. «Euskadi eta Katalunia nazio gisa onartzen dituen eredua» defendatu du. Katalunian CiU eta Artur Mas «indartsu eta oso determinazio argiarekin» ikusten dituela esan du, baina EAJk bere bidea egingo duela: 2015erako, estatus politiko berri baterako ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.