Andoni Ortuzar EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du gaurko egoera politikoak alderdi politikoei jarduteko "era berriak" izatea exijitzen diela eta, ondorioz, EAJk berak ere guztiekin hitz egingo duela. "Zergatik ez? Eta zergatik ez ditugu egingo egin ditzakegun akordioak?".
Gipuzkoako Batzar Nagusietako kasua jarri du adibide modura. "Batzuetan ematen du EAJk [batekin eta bestearekin] akordioak egiten baditu gaizki dagoela, eta besteek egiten badute ez dagoela gaizki. Gipuzkoan ikusi berri dugu: PSOE-Bildu akordioa egon da. Guk haien edukiari kritika egin diezaiokegu, baina ez akordioa egiteari berari. Haiek akordioa lor badezakete, EAJk ere bai. PPk berak ere itun zehatzak erdietsi izan ditu Bidurekin Gasteizko Udalean, eta hori ona da".
Ortuzarren arabera, izan ere, hori guztia "normaltasunaren adierazgarri" da. "Burua irekiago beharko dute alderdiek, eta azkarrago jokatu".
Eusko Legebiltzarrean 2013ko aurrekontuak onartzeko EAJk modu horretara jokatuko duela azaldu du EBBko presidenteak. "Gure legebiltzarkideek eta, batez ere, gobernuan daudenek badakite horrek hala izan behar duela".
Krisi ekonomikoari aurre egitea, bakegintza "egonkortzea" eta EAEko autogobernua handitzea dira EAJren hiru xede nagusiak. Hiru arlo horietan ere "gizarte osoaren beharra" izango da, hark esan duenez.
Larunbatean izendatu zuen EAJren Batzar Nazionalak Ortuzar EBBko buru, ia aho batez.