EAJk eta PSE-EEk bilera bat egingo dute gaur, Bilbon, EAEko udal eta foru hauteskundeak aztertzeko eta bien arteko balizko itunez hitz egiten hasteko. Bi alderdiak azken egunetan prest azaldu dira akordioetarako. 2013ko irailetik "erakundeen egonkortasunerako" itun bat sinatua dute.
12:00etan hasiko dute bilkura, EAJren egoitzan, Sabin Etxean. Jeltzaleen aldetik Andoni Ortuzar EBBko burua, Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla EBBko kideak, Xabier Agirre ABBko burua, Itxaso Atutxa BBBkoa eta Joseba Egibar GBBkoa egongo dira. PSE-EEtik Idoia Mendia idazkari nagusia, Begoña Gil eta Miguel Angel Morales zuzendaritzakideak, eta Cristina Gonzalez Arabako idazkari nagusia, Mikel Torres Bizkaikoa eta Iñaki Arriola Gipuzkoakoa egongo dira.
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian EAJk irabazi zituen foru hauteskundeak. Azken bi herrialdeetan PSEren babesa badu, bien artean gehiengo osoa dute. Araban ez, soila baizik, 51 batzarkideetatik 18 aulkirekin. Hiriburuetan, EAJ Bilboko eta Donostiako irabazleak PSErekin gehiengo osoa luke; Gasteizen hirugarren geratu zen eta PSE, laugarren.