EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek ez dute gogo onez hartu Bilduk atez atekoa zabaltzeko harturiko erabakia. Gipuzkoako 34 herritan zabor bilketa atez ateko sistemaren bidez egingo duela jakinarazi zuen Bilduk herenegun, eta aipaturiko alderdiek gogor kritikatu zuten, atzo eginiko agerraldietan. Eugenia Arrizabalaga EAJko Gipuzko Buru Batzarreko bozeramailearen ustez, Bilduk «modu autoritarioan» ezarri nahi du sistema hori.
Arrizabalagak azaldu zuen ezker abertzaleak ez duela herritarren parte hartzerik bilatu eta EAJk herri horietako biztanleak informatzeko lan egingo duela: «Ezker abertzaleak, edozein izaeratako gaietan, parte hartzeko prozesuak abiatu behar direla esan izan du beti, eta, orain, berriz, sistema hori herritarren kontsultarik eta parte hartzerik gabe ezartzea erabaki du».
Arrizabalagaren arabera, sistema horrekin ere zabortegiak beharko dira, eta errauste planta ere ezinbestekoa izango da.
Gipuzkoan egun Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan dago zaborra biltzeko modu hori, eta Bilduk dio oso gustura dagoela emaitzarekin. Beste sistemekin %25 birziklatzen dela dio, eta atez atekoarekin %90. Arrizabalagak gezurtatu egin du datua: «Atez ateko sistemarekin %80 birzikla daiteke gehienez, eta gainontzeko %20ak ezin ordainduko kostua luke».
PSE-EE ere haserre
Denis Itxaso PSE-EEkoak ere bide beretik hitz egin zuen. Haren arabera, Europan Austrian birziklatzen da gehien: %70. Atzetik ditu Danimarka (%66) eta Belgika (%60). Bilduren hitzak hitzak besterik ez dela adierazi zuen: «Bilduk aipatzen dituen zenbakietara iristea ezinezkoa da. Inork lortu ez duena eurek lortuko dutela uste badute, jai daukate». Ekonomikoki ere atez atekoa kalterako dela esan zuen: «Desastre ekonomiko batean murgilduko gara. Atez ateko sistema oso garestia da, eta gastuan soilik oinarritzen da».
Juan Carlos Cano PPkoak «jauntxo» moduan jokatu izana leporatu zion Bilduri: «Hartu duten erabakia ez da zuzena, baina ez gara geratuko besoak gurutzatuta. Nagusi direla uste dute, baina ez dira hala». Erabakiaren erruaren zati bat EAJrena dela esan zuen Canok.
EAJ, PSE-EE eta PPk gogor kritikatu dute Bilduk atez atekoa zabaltzeko harturiko erabakia
EAJren eta PSE-EEren arabera, ezinezkoa da %90 birziklatzea, eta gezurrak dira Bilduk emandako zenbakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu